Albisteak

Lasarte-Oriak jada badu Kirol eta jarduera fisikoaren plan bat

2015-03-24 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Kirola

Lasarte-Oriako udaleko kirol departamentuak, 2014. urtean zehar erronka nagusi bati erantzun nahi izan dio: herriko kirol eta jarduera fisikoaren azterketa orokorra eta plan estrategikoa burutzea. Ideia, izatez, herriko kirol elkarteak eta udalak biltzen dituen Kirol Mahaitik jaio zen, herriko kirol arloan behar garrantzitsuak daudela jakinik, hauei erantzun orokor bat emateko nahiez. Horrela bada, urte oso batean zehar egindako lanketaren emaitza da gaurkoan aurkeztera gatozena.

 

Plan estrategiko hau martxan jartzearen arrazoi nagusiak honako hauek izan ziren:

Lehenik, kirolaren eta jarduera fisikoaren egoera orokorra ezagutzea, udal eskaintzaz gain, herriko kirol elkarteek, aisialdi taldeek, jubilatu taldeek,… egiten dutena.

Bigarrenik, herriko kirol panoraman agente aktibo izan daitezken elkarte eta norbanako guztiak saretzea, denen behar eta proposamenak ezagutzeko.

Eta azkenik, informazio guztia esku artean izanik eta herritarrak, erabiltzaileak, kirolariak, prozesu guzti honen epizentro gisara ulertuta, etorkizunera begirako kirolaren plan estrategiko bat osatzea, gure herriko kirolak aurrerantzean eman beharreko pauso ezberdinak definituko dituena.

 

Horrela bada, laburbilduaz, “Jolasteko eta jokatzeko” proiektu honen bitartez, hurrengo urteetako kirolaren bidea zuzentzea izan da helburua, hau herritar guztion artean konpartituaz eta eman beharreko pausoak, lehentasunak, garatu beharreko azpiegiturak,… zein izan behar duten erabakitzeko.

 

Emandako urratsak:

Prozesua 2014. urteko martxoan hasi zen, udal barruko lanarekin: informazio bilketa, prozesuaren diseinu orokorra burutu… Horrela, 2014ko maiatzean, lehen faseari ekin zitzaion, elkarrizketa konkretuak egiteari hain zuzen. Guztira, 30 inguru egin ziren: kirol elkarteekin, kultur eta aisialdi elkarteekin, adineko elkarteekin, Udaleko sail ezberdinekin, etab. Elkarrizketa hauetan, hainbat gai izan ziren aztergai:

1. Adin ezberdinetan banatuta, herriko kirol eskaintza eta praktika.

2. Eskaintza antolatzen duten eragileen egiturak eta hauen iritzi eta beharrak zein diren.

3. Udal instalazioak, hauen egoera, erabilera eta kudeaketa.

 

Jasotako informazio guzti honekin, herriko kirolaren egoeraren diagnostikoa osatu zen eta egindako lan hau publikoki aurkeztu zen.

 

Ostean, behin Lasarte-Oriako kirolaren egoera orokorra zein zen ezagututa, etorkizunean eman beharreko pausoak zein ziren definitzeari ekin zitzaion. Guzti hau burutzeko udalerriko herritarren parte-hartzea ezinbestekoa zen, kirola eta jarduera fisikoa praktikatzen dituztenen eta ez dituztenen iritzia ezagutzea. Hori dela eta, hainbat parte hartze dinamika jarri ziren martxan urria (herritarrekin modu zabalean), azaroa eta abendua artean. Dinamika hauetan, adinka banatuta, herriko kirolaren egungo egoeratik abiatuta, zer aldatu eta zer hobetu zitekeen landu zen. Bertan jasotako proposamen guztiak aintzat harturik, plan estrategikoa osatu da:

 

Jolasteko eta jokatzeko: 2015-2018 kirol plana:

Gaurkoan aurkezten dugun dokumentu honek, ekarpen guztiak biltzen ditu, eta udaletik landu beharreko lanak denboran kokatzen ditu. Ekarpen ezberdinak 6 multzotan sailkatu dira planaren baitan. Modu laburrean, nagusienak hauek lirateke:

Irakurri dokumentua

 

1. Antolaketa eta kudeaketari dagozkionak: Arlo honetako proposamenenen artean, kirol zerbitzuaren lana egiteko moduen berrikuspen bat egitea planteatzen duten proposamenak jaso dira, udala eta herriko elkarteen arteko koordinazioa hobetzeko eta urteen poderioz aldakorra den errealitatera moldatzeko baliagarri direnak. Planteatzen diren ekintza konkretuen artean, honako hauek daude:

- Kirol koordinatzailearen figura sortu: jarduera fisiko eta kirol jarduerak sustatuko dituena, kirol mahaia koordinatuko lukeena,…

- Koordinazio organoa indartu (Kirol Mahaia).

- Ebaluazio sistema berria ezarri.

- Ordutegi eta abonu politiken berrikuspena egin behar berriei egokitzeko.

- Administrazio lanetarako espazioak eskaini kirol elkarteei.

- Etab.

 

2. Instalazioak: Multzo honen kasuan, instalazioei dagozkien proposamenak biltzen dira. Nagusiki, ditugun instalazioen erabilgarritasuna handitzea, eta posible den kasuetan, hauek hobetzea. Adibidez, instalazioak apurka berritzen joateko konpromisozko programa bat egitea planteatu da (behar gehien dutenak lehenago berritzea aurreikusiaz), eskola orduz kanpo eskoletako instalazioak erabiltzeko aukera kiroldegiko instalazioen saturazioa ekiditeko irtenbide gisara planteatu da, etab.

 

3. Ingurunea: Jarduera fisikoa egiteko ingurune naturalaren aldeko apustua egitearen aldeko proposamen asko ere jaso dira prozesu osoan zehar, horrela herritarren mugikortasun-ohiturak ere aldatzen joan daitezen:

- Bidegorri sarea osatu (herri barruan zein Donostiarantz).

- Bizikleten sarea osatu.

- Argiztapena, iturriak, parkeak… bereziki zaintzea.

 

4. Jarduerak: Jarduera eskaintzen ezagutza bermatzea eta etengabeko berrikuntzak sustatzean oinarritzen dira talde honetako ekarpenak. Bereziki, urte osoko eskaintza guztia bateratuko duen programa orokor bat osatzeko planteamendua mahaigaineratu da, herritarren eta herriko eragileen beharrak aseko dituena.

 

5. Kirol soziala: Kirola eta jarduera fisikoa gizarte-hobekuntzara bideratu beharra dago. Kirol arloan, genero berdintasuna, euskararen sustapena, emakumezkoen kirolaren sustapena, eskola kirolean ez-konpetitibotasuna sustatzea, adinduen ariketa fisikoaren sustapena,… ezinbestekoak dira. Hurrengo urteetan jorratzeko hainbat lan ildo ere zehaztu dira arlo honetan jasotako proposamenetatik abiatuta:

- Eskola kirolaren helburu pedagogikoak zehaztu.

- Diru laguntzetako oinarriak berrikusi (genero berdintasuna, kirol elkarteen behar konkretuak,… baloratzeko irizpideak txertatuaz bertan).

- Genero perspektibaren inguruko formazio saioak, belaunaldien arteko topaketak, kirol errezeta, kirola euskaraz programarekin jarraitu…

 

6. Promozioa eta komunikazioa:

Azkenik, herriko kirol eskaintzaren inguruan, ezagutza falta handia ere badela ikusi da. Hori dela eta, hurrengo urteetan, herriko kirol elkarteek, eskolek, kirol zerbitzuak,… eskaintzen dituzten aukerak ezagutzera emateko bitarteko berriak sortu beharra ere detektatu da, eta lan-ildo nagusi gisara definitu da. Ideia, kirol gune informatiboa sortzea litzateke. Honen kudeaketa ere kirol koordinatzailearen ardura litzateke.

Plan hau jada Lasarte-Oriako udalak onartu du, eta bere kirol politiken gidari izango da hurrengo urteetan. Nahi duenak, eskuragarri du hemen.

Irakurri dokumentua

 

Hemendik aurrera, zer?

Bideari ekin besterik ez zaio egin ikerketarekin. Planean zehaztutako hainbat ekimen martxan jartzeko garaia da orain. Zehazki, instalazioei dagokion arloari helduko zaio lehenik, herritarren artean hau behar handienetariko baten gisara detektatu baita.

 

Hori dela eta, instalazioei dagokienez, jasotako ekarpen guztiekin INSTALAZIOEN AZTERKETA konkretu bat egiteari ekin dio jada kirol sailak. Azterketa hau burutzeko, plan estrategikoko ekarpenak, urtero kirol sailak burutzen duen kiroldegiko jardueren inguruko inkesta edota erregistratu diren kexa eta erreklamazioak erabiliko dira oinarri gisara. Horrela, instalazioen egoerari dagokionean ditugun gabezia konkretuak identifikatuko ditugu, eta etorkizunean kiroldegi berri baten proiektua garatzeari ekiteko, konpondu beharreko faktoreak zein diren identifikatuko ditugu zehazki.

 

Plan estrategiko hau iparra izango da beraz, hemendik eta aurrerantzean bideari ekiteko eta Lasarte-Orian herritarren beharretara egokitutako kirol politika bati jarraitzeko.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna