Albisteak

Apelliduak abizen bihurtzea oso erraza da orain

2013-11-19 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

"Apelliduak" abizendu diptikoa

Jatorriz euskarazkoak diren abizen asko gaztelaniazko grafiarekin idazten dira oraindik. Euskaraz jarri nahi dituztenek nola egin dezaketen ezagutarazteko ekimena jarri dute martxan aurten ere Buruntzaldeko Udalek. Azpilicueta, Zalacain, Eizaguirre, Aguirreche, Echeverría, Jauregui, Arregui, Lecuona, Erquicia, Aguirre,... eta horiek bezalako ehunka deitura euskaldun euskarazko grafiaz idatzita nahi dituenak oso erraz egin dezake orain. Bi tokitara bakarrik joan beharko du: Udaletxera eta Bake Epaitegira. Donostian jaiotakoa baldin bada, gainera, Donostiako Erregistro Zibilera ere joan beharko du.


Hiru agiri eskuratu behar dira: errolda-agiria, Udaletxean eskatu behar dena; jaiotagiri ofiziala, jaioterriko Bake Epaitegian eskuratu behar dena; NANren fotokopia. Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek Famili Liburua ere eraman behar dute. Hori da guztia. Agiri horiek herriko Bake Epaitegira eramatea nahikoa da, eta horrekin han bertan egingo dute abizenaren aldaketa. Oso tramite sinplea da egin beharrekoa.


Donostian erregistratuta daudenek jaiotagiri literala eskuratzeko, herriko Bake Epaitegira ez baizik eta Donostiako erregistro Zibilera joan beharko dute. Erregistro Zibila Kalkutako Teresa plazan dago, Donostian.


Zalantzaren bat duenak nahikoa du herriko Bake Epaitegian galdetzea, han emango dizkiete-eta argibide guztiak.


Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek euskararen arloan elkarrekin aurrera eramaten dituzten ekintzetariko bat da ekimen hau, eta tokian tokiko bake-epaitegiekin lankidetzan egingo dute. Badira urte batzuk martxan jarri zela, eta dozenaka herritarrek utzi diote urteotan Echeverría, Aguirre, Aguirrezabala, Lecuona edo Erquizia izateari, eta Etxeberria, Agirre, Agirrezabala, Lekuona eta Erkizia izatera pasa dira. Hala nahi duenak oso erraz egin dezake. Norberaren esku dago.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna