Albisteak

Larunbatean hasiko da Lasarte-Oriako Areto-futboleko Torneo Soziala

2018-01-24 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

Urtarrilaren 27ko larunbatean hasiko da Areto-futboleko 35. Torneo Soziala, Lasarte-Oriako Udalak antolatua. 9 ekipok jokatuko dute txapelketa, bi itzuliko liga batean. Finala ekainaren 23an izango da.

Txus Alonso kiroletako zinegotziak aurkeztu zuen 2018ko areto-futboleko torneoa. Jakitera eman zuenez, torneo hau Ostadar K.T.k antolatu ohi zuen, baina, haren areto-futboleko sekzioa desagertu ondoren, baztertu egin du berriro antolatzea.

Txus Alonsok azaldu zuenez, Udalak beharrezkotzat jotzen du torneo hau mantentzea, zeren eta areto-futbola Lasarte-Orian oso errotua dagoen kirol-diziplina bat baita eta federatu gabeko pertsona askok parte hartzen baitu bertan. Horregatik, lehenik eta behin, Eguzki areto-futboleko klub sortu berriarengana jo genuen, baina haiek ere uko egin zioten antolatzeari. Ondorioz, Udalak Sportmadness Gipuzkoa enpresa kontratatzea erabaki du, administrazioko eta antolamenduko kontuetarako, eta torneoarekin aurrera jarraitzea. Kontratuaren kostua 6.669 euro izango da.

Ekipoak inskribatu ahal izateko zabaldu zen epea igarota, gizonezkoen 9 ekipo izan dira izena eman dutenak: Irigoien Erretegia, Insausti-Kattagorri, Avenida Taberna, Txoko Taberna-Autocares Luis Car, Viña del Mar, Trumoi Taberna, Patricio Cocktail Bar, Izenik Gabe eta Sin Patrocinador. Inskripzioa 435 euro kostatzen zen. Ekipo bakoitzak gehienez ere 5 jokalari federatu eduki ahalko ditu. Alonsok deitoratu zuen emakumezkoen txapelketa antolatu ezin izana.

Sportmadness enpresako Aratz Irigaraik eta Beñat Lopetegik azaldu zutenez, torneoa urtarrilaren 27an hasi eta ekainaren 23an amaituko da, eta bi itzulitara jokatuko da. Hasierako fasea Michelingo kirolgunean jokatuko da, eta ligaren formatua izango du. Larunbatetan jokatuko diren 18 jardunaldi izango dira guztira, eta haien egutegia hemen kontsulta dezakegu: https://leverade.com/en/tournament/539668/calendar/1327088 helbidean edo Leverade aplikazioan.

Bigarren fasea Maialen Chourraut kiroldegi munizipalean jokatuko da, eta kanporaketen bidez izango da. Lehen faseko lehenbiziko 4 ekipoek jokatuko dituzte finalerdiak, eta beste 5 ekipoek kontsolazioko kanporaketa bat egingo dute.

Azkenik, eta aurtengo berritasun gisa, jakitera eman zuen mobiletarako aplikazioa izango dugula, partiden eta txapelketaren nondik norakoak denbora errealean jarraitzeko aukera emango diguna. Horrez gain, komite tekniko bat eratu da, jardunaldietako gorabehera guztiak araudiaren arabera baloratzeaz arduratuko dena: partidak bertan behera uztea, santzioak...

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna