Albisteak

Udaltop: Kirola D ereduan, noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko?

2016-03-15 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

“Seguru gaude aurtengo edizioak baduela hizkuntzaren normalizazioan diharduten profesionalentzako mamia eta jakingarria”, adierazi du Jorge Giménez Eusko Jaurlaritzako HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak. “Aurtengo gaia gaurkotasun eta lehentasun handikoa da. Kirol jardunak berebiziko garrantzia dauka gazteen hizkuntza ohiturak finkatzeko. ESEPek (Euskara Sustatzeko Ekintza Planak) lehentasunezko neurriak eta jarduerak proposatzen ditu kirolaren esparruan, eta, horri jarraituta, Eusko Jaurlaritzak ere horrela dauka aurreikusita bere Euskararen Agenda Estrategikoaren helburuetan”.

Egitarau oparoa osatu da horretarako. Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak aurkeztu du zenbait nobedadeekin datorren egitaraua. Guztira, hamar ponentzia, bi mahai-inguru eta elkarrizketa bat bildu ditu zortzigarren edizioko egitarauak.

Antxordokik aurreratu duenez, hiru ponentzia izango dira topaketaren bizkarrezurra. “Horietako batean, EAEko eta Nafarroako 16 urtez azpikoen kirolaren antolamendua eta araubidea azalduko dugu; oso deskriptiboa izango da. Bigarrengoan, ikuspegi juridikotik antolamenduan eta batez ere araubidean egin daitezkeen hobekuntzak proposatuko dira euskararen erabilera indartzeko, ziurtatzeko…. Hirugarrengoak ere, hobekuntzak proposatuko ditu, baina kasu honetan ikuspegi pedagogiko-linguistikotik”.

Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak Udaltopen balioa azpimarratu, eta zortzi urteko ibilbidean erreferentziazko topaketa bihurtu dela nabarmendu du, “batez ere, egunerokoan langai ditugun horiei erantzunak ematen ahalegintzen delako eta guztiok egiten dugun lana hobetzea bilatzen duelako”.

Hausnarketarako plaza ere badela aipatu du. “Egiten ari garenaz hausnartzeko, eta batez ere, egiten ari garen hori nola hobetu hausnartzeko. Eta bide batez, esperientziak trukatzeko eta elkarlanak abiatzeko. Orain arte horrela izan da eta aurreratzen horrela izaten jarraitzea nahiko genuke”.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna