Albisteak

Pello Jauregi: “25 urtez azpiko Lasarte-Oria desberdina da”

2013-12-04 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Liburuaren aurkezpena

25 urtez azpiko ia gazte guztiek ulertzen dute euskara. %95ak ulertzen du oso ongi edo nahiko ongi eta %3ak zertxobait. Zenbaki horiek adierazten dute euskararen ezagutza orokortuta dagoela adin-tarte horretan eta hori berria da. Hamarkada asko egin behar da atzera, ezaugarri hori topatzeko gure herrian.

 

 Horrek inflexio-puntu bat adierazten du herriko hizkuntza errealitatean eta baita ere, baldintza berriak, errazagoak, jartzen ditu euskararen erabilera orokortzeko adin-tarte horri zuzendutako edozein jarduera edo zerbitzu antolatzeko orduan.

 

Besteak beste, puntu horretan jarri zuen indarra Pello Jauregik, EHUko irakasle eta “Euskara eta gazteak III. 20 urteko bilakaera” izena daraman liburuaren egileak. Pablo Barrio alkateak, Boris Nogales euskara batzordeko lehendakariak eta Iñaki Arruti euskara zerbitzuko arduradunak lagunduta, egileak berak aurkeztu zuen asteartean, Manuel Lekuona kulturetxean.

 

20 urteko ikuspegia ekarri zuen hitzaldira irakasleak, herrian izandako aldaketa izugarria azpimarratzeko: orain 20 urte, euskaraz nahiko ongi edota oso ongi hitz egiten zekiten gazteak %43 ziren eta orain berriz %86, bikoitza. Orain 20 urte, lagun euskaldunekin gaztelaniaz baino gehiago edo beti euskaraz egiten zuten gazteak %23 ziren eta orain berriz %52, bikoitza baino gehiago.

 

Horretaz gain, eta horri lotuta ere, etorkizunari buruz liburuaren azken atalean jaso duen hausnarketaren berri ere eman zien bertaratutako guztiei. Eskolak bere zeregina betetzen duela (herriko haur guztiak egun D ereduan ikasten ari dira), hobetzeko tarte txikia duela eta horren osagarri diren esparruetan lan egin beharko litzatekeela azpimarratu zuen. Bereziki, etxean. Familia baita lehendabiziko sozializazio eremua eta bertan finkatzen baitira gero gazte izango direnen hizkuntza-portaera gehienak.

 

Udaleko ordezkariek adierazi zuten modura, liburua Udalaren web-gunean zintzilikatuta dago eta paperezko bertsio nahi duenak eskuragai du, dohainik, euskara zerbitzuan.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna