Albisteak
Lasarte-Oriako lehen hezkuntzako ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen dute: ELIKADURA JASANGARRIA GURE HERRIAN aurtengo lelopean.
2014-02-18 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Osasuna eta Ingurumena | Euskara eta Hezkuntza
Nongo elikagaiak kontsumitzen ditugu? Non egiten ditugu gure erosketak? Nolakoa da gure dieta? Benetan pentsatzen al dugu zerbait erosi aurretik?... Horiek eta beste hainbat galderaren inguruan ari dira hausnarketa egiten aurtengoan Lasarte-Oriako neska-mutilak.
Lasarte-Oriako Eskolako Agenda 21 programaren bidez, Lehen Hezkuntzako ikasleak eskola eta herria jasangarritasunerantz bideratzen saiatzen ari dira. Helburua eskola-komunitateak ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea da, herritar bezala parte hartzea bultzatuz. Programa honen bultzatzaile Lasarte-Oriako Udala da, Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak enpresaren laguntzarekin.
Hainbat izan dira orain arteko 4 urteetan landutako gaiak, eta joera izan da gai bera 2 urtean lantzea, hobeto sakontzearren. Hori dela eta, Ura eta Biodibertsitatea (naturala eta kulturala) izan dira landutakoak, eta 5.a dugun honetan, Elikadura Jasangarria.
Eskolako Agenda 21ak hiru ardatz nagusi lantzen ditu: curriculuma, kudeaketa eta parte-hartzea. Ikasturteko bigarren hiruhilekoan sartu garen honetan, ikastetxeak ekintza-plana lantzen hasiak dira. Herri mailako partaidetza lantzeko, ekintza batzuk burutzen dituzte bai ikastetxean eta baita ikastetxetik kanpo ere, eta ondoren, lortutako emaitzekin, norberak bere egunerokotasunean bete beharreko hainbat konpromiso hartzeaz gain, ikusitako gabeziak konpontzeko proposamenak luzatuko dizkio Udalari, ikasturte-bukaeran alkatearekin egingo den entzunaldian.
Gure ikasleek gai hauen inguruan hausnartuko dute: elikadura-ohiturak, garaian garaikoa jatea, baratzetik ahora, produktu ekologikoak herrian...
Aldi berean ikastetxeek egiteko hainbat irteera eta bisitaldi proposatu zaizkie.
Beraz, herriko ikasleak ari dira lanean, herria geroz eta jasangarriagoa bilakatzen laguntzeko.