Albisteak
Etxegabetzeen kontra laguntzeko zerbitzu juridikoa
2016-03-03 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek iragarri duenez, Udala Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etxegabetzeen kontra Laguntzeko Zerbitzu Juridikoarekin elkarlanean arituko da.
Zaballosek nabarmendu duenez, Udalbatzarrak Lasarte-Oria etxegabetzerik gabeko udalerri deklaratzeko hartutako konpromisoaren arabera, aurrerapauso bat emango dugu, Diputazioaren zerbitzu juridiko horrekin elkarlanean jardunez.
Zerbitzu Sozialetako Lourdes Acevedo zinegotzia eta Izaskun Oronoz teknikaria lagun zituela, azaldu zuen zerbitzuak hasiera batean hipoteka exekutatzeko arriskuan direnei emango diela asistentzia, eta pertsona horiek doako justiziaz edo zerbitzu foral horretaz baliatu ahalko direla, udalekin elkarlanean. Lehenbiziko kasurako, eskatzaileak ezingo du 3 bider gainditu IPREM indikadorea; zerbitzu berrirako, berriz, topea 5 aldiz izango da, 30.000 euro inguru urtean, eta, beraz, eskuraerrazagoa da.
Zerbitzu horri esker, etxegabetuak izateko arriskuan direnek Oinarrizko Zerbitzu Sozialetara jo dezakete, eta haiek, bere kasua aztertutakoan, asistentzia juridikoaren eskaera tramitatzen lagunduko diote.
Abokatu-ekipo bat arduratuko da hipotekaren exekuzioa geldiarazteko errekurtsoa jartzeaz eta kasua indibidualki analizatzeaz, eta bankuarekin bere etxebizitzarako irtenbide bat bilatzen lagunduko diote. Lehen hitzordua Lasarte-Orian izango bada ere, zerbitzuak 5 egoitza eskaintzen ditu Gipuzkoan.
Zerbitzu honetaz baliatu nahi dutenek zenbait baldintza bete behar dituzte:
- Gipuzkoan erroldatuak egotea eta hipoteka exekutatzekoa zaion etxebizitza ere Gipuzkoan egotea.
- "Fede oneko” zorduna izatea, hau da, ez pagatzearen arrazoia kuotei aurre egitea eragozten dien egoera ekonomiko bat izatea.
- Beste etxebizitzarik ez edukitzea.
- Gizartetik baztertua gelditzeko arriskuan egotea.
- Ez edukitzea 12.000 eurotik gorako aurrezkirik, ez eta 24.000 eurotik gorako balio katastraleko ondasunik ere.
Nolanahi ere, Izaskun Oronozek gomendatu zuenez, zerbitzu hau jaso ahal izateaz zalantzarik izanez gero, hala nola alokairuko etxebizitza batetik kaleratzeko arriskuan direnen kasuan, hobe da oinarrizko zerbitzu sozialetara jotzea, eta haiek, kasua baloratuta, ikusiko dute zein laguntza jaso daitezkeen.
Alkateak adierazi zuen garrantzizkoa dela herritarrek zerbitzu horien berri jakitea. Alokairuko etxebizitza batetik kaleratzeko arriskuan direnei eskatu zien jo dezatela zerbitzu horretara, zeren eta, hipoteken exekuzioetarako pentsatua badago ere, errentari eta errentatzaileen artean ezin pagatuzko egoeretan bitartekotza egiteko prestasuna baitago. Izan ere, jabetzen dira bien kasuan egoera antzekoa izan daitekeela ekonomikoki.
Diputazioak maiatzean zabaldu zuen zerbitzua, eta gerora kasu horiek ere hurrengo lizitazioetan sartzearen alde agertu da, Gipuzkoako udalek egindako oharrak aintzat hartuta.