Albisteak
Agenda21 parte-hartze foroa
2013-06-14 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Osasuna eta Ingurumena
Lasarte-Oriako Udalak, Tokiko Agenda 21eko prozesuaren eremuan, 2006. urtean bere Ekintza Plana onartu zuen. Ordutik, Ekintza Plan honek iraunkortasunaren aldeko pausuak ematen lagundu digu. Arlo ezberdinak jorratu ditugu, mugikortasuna, energia, hondakinak, lurralde antolamendua edo garapen ekonomikoa, besteak beste.
Lehenengo Plan hau amaitutzat jo da eta orain, Plan berri bat definitzeko lehen pausoak ematen hasi gara. Horrela, abiapuntu gisa, Lasarte-Oriako gaurko egoera zein den jasoko duen Diagnostikoa osatzen ari gara. Horretarako, diagnostikoa osatzeko, lan teknikoaz gain, Auzoz-auzo proiektuaren testuinguruan egin diren ekarpenak ere kontutan hartu ditugu. Hala ere, Diagnostikoa osatzen bukatu aurretik, ezinbestekoa iruditzen zaigu bertan jaso diren emaitzak zuei aurkeztea. Bestalde, diagnostikoan oinarrituz, etorkizuneko Lasarte-Oriako Agenda 21eko Ekintza Planaren oinarria osatuko duten lehentasunezko eremuak identifikatu nahi ditugu baita ere.
Hori dela eta, ekainaren 18an, 19’00tan, Kultur Etxean ospatuko den foroan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.
Landuko diren gaiak:
- Lasarte-Oriako Tokiko Agenda 21-eko testuinguru eta aurrekarien azalpen laburra.
- Diagnostikoa osatzeko jarraitu diren pausuen aurkezpena.
- Diagnostikoaren gakoak aurkeztu eta ekarpenak jaso.
- Etorkizunari begira identifikatu diren Udalerrirako lehentasunezko eremuak aurkeztu eta ekarpenak jaso.