Albisteak

"Armairuaren zirrikitutik" dokumentala gaur estreinatuko da kulturetxean

2016-12-23 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Lasarte-Oriako euskalgintzak, Landaberri ikastolaren sorreraz geroztik egindako ibilbidea jasotzen du, testigantzen bidez kontatua eta irudiz jantzia.

 

            Gaur arratsaldean, 19:30ean, Manuel Lekuona kulturetxean estreinatuko da “Armairuaren zirrikitutik. Lasarte-Oriako euskalgintza 1966-2016” dokumentala. Sarrera doan da eta ordubete lehenago zabalduko da leihatila, sarrerak hartzeko. Dokumentala Edu Galardik eta Isa Fernandez de Agirrek egin dute Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordearen enkarguz.

 

Hain zuzen ere, Euskara Batzordeak 2016 urte berezi honen hasieran herriko ikastetxeak, guraso-elkarteak, euskaltegiak eta euskalgintzako gainerako eragileak bildu zituen eta Landaberriren 50. urteurrena, Ttakunen eta bertso-eskolaren 25.a eta Euskararen 9. Maratoia nola bideratu erabakitzeaz gain, azken 50 urte hauetan euskara, euskaldunon hizkuntza komunitatea, nola aldatu den jasotzea eta belaunaldi berriei transmititzeko tresna bat sortzea merezi zuela ondorioztatu zuten guztien artean.

 

50 urte hauetan Lasarte-Oriako euskalgintzak egin duen guztia transmititzea ezinezkoa bada ere, esperientzia horiek bizi izan dituzten hainbat testigantzek 1. pertsonan kontatzea lortu da dokumentalean. Dokumentalak abiapuntua 1966an du, hain zuzen ere, Lasarte-Orian euskara eta euskal kultura hilzorian sentitu zuen gazte talde hark egindako “zergatik ez Lasarten ikastola bat?” galdera, ametsa. Geroztik, berriz, galdera eta amets asko egin eta izan dituzte lasarte-oriatar askok, gaur arte. Merezi du begiratzea… Armairuaren zirrikitutik.

Dokumentala eskuratu nahi duenak 2 €an salgai izango du kulturetxean bertan, proiekzioaren ondoren eta Udaleko euskara-zerbitzuan.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna