Albisteak
Umorea euskaraz egiteak saria du MotxianEby esketx lehiaketan
2014-10-20 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza
DBHko ikasleen euskarazko abestien parodia onena sarituko da Buruntzaldea eta Oarsoaldeko eskualdeek antolatutako MotxianEby esketx lehiaketaren bitartez.
Eskualde bakoitzeko bi sari egongo dira: bideo onenak 300€ jasoko ditu eta bigarrenak 200€. Gainera, publikoaren saria ere izango da. Internauten bozka gehien jasotzen duenak 50 euroko saria irabaziko du.
Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko udaletako Euskara Batzordeak, 2014 urteko Motxian Eby (Motxian ebai) sketx lehiaketa antolatu dute. Aurten 12-16 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete eta horretarako, parte-hartzaileek euskaraz abesten duen musika talde baten edo euskarazko abesti baten “parodia” egin beharko dute, letra aldatuz eta abestiaren edota taldearen arabera mozorrotuta eta karakterizatuta.
Ekimen honen bitartez, gazteen artean euskararen erabilera sustatu nahi dute, hizkuntza alor guztietara eramanaz, umorearen alorrera zabalduz.
Esketxak euskaraz eginak izan behar dira, abestutako nahiz hitz egindako pasarteetan. Gutxi gora-behera minutu bateko iraupena izan behar dute eta edozein gailurekin grabatu daitezke: eskuko telefonoa, bideo kamera, tablet-a, argazki makina…
Esketxak aurkezteko epeak urriaren 15etik azaroaren 14ra iraungo du eta umorea, letraren orijinaltasuna, karakterizazioa eta ikus-entzunezkoaren exekuzio teknikoa –plano mota, argiztatzea…– baloratuko dira. Lanak e-postaz edo Whatsapp bidez aurkeztu ahal izango dira.
Epaimahaikideak ikasleak izango dira. Irabazleak bi eskualdetako DBHko 4. mailako ikasleek erabakiko dituzte. Hala, Buruntzaldeko bideoen artean onena, Oarsoaldeko ikasleek aukeratuko dute, eta alderantziz.
Lehiatuko diren esketxak, ikusgai jartzen joango dira www.motxianeby.com webgunean, gero DBH-4ko gelek eta publiko orokorrak bozkatu ahal izateko. Irabazleak azaroaren 24an jakinaraziko dituzte.
Lehiaketari buruzko informazio guztia www.motxianeby.com webgunean ikus daiteke.