Albisteak

Udaletxeko barne funtzionamenduaren eraginkortasuna hobetzeko berrantolaketa prozesua

2013-11-11 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala

Lasarte-Oriako Udalak, alde teknikoa nahiz gizatiarra landuko duen barne funtzionamenduaren berrantolaketa prozesua jarri du martxan gaur egungo Udaletxeko funtzionamendua aztertu eta aurrera begira herritarrei emango zaien zerbitzua eraginkorragoa izateko antolaketa eredu berri bat prestatzen hasteko helburuarekin.

 

Udaletxean lanean dabiltzan langileen funtzioak, sailen egiturak, sailen arteko koordinazioak eta horrekin erabat lotuta doazen langileen arteko harremanak nahiz hauek lantzen laguntzen duen alderdi emozionala hobetu daitezkeela uste du Udalak. Modu horretan, herritarrek Udalarengandik itxaron dezaketen alderdirik onena lortu dadin, hauek aztertu eta antolaketa eredu berria garatzeko espezializatutako enpresekin egingo du lan.

 

Udalak orain arte herritarrekin izandako harremanetan parte-hartzea sustatu nahi izan du, eta parte-hartze hau udaletxe barruko langileekin ere praktikan jarri beharra dela iritzi dio, denok osatzen baitugu Lasarte-Oria.

 

Honetaz gain, erakunde bat pertsonez osatua egonik, pertsonen arteko lan-harremanak, pertsonen emozioak....kontutan edukitzea garrantzitsu direla  iritzi dio Udal Gobernuak antolaketa egoki batek aurrera egin dezan. Askotan kontutan hartzen ez den faktore bat alde gizatiarra da, eta egitura baten eraginkortasunean hobekuntzak egin nahi direnean ongi funtziona dezan, kontutan hartu eta landu beharrekoa da.

 

Horrelako prozesuak aurrera egiteko, Udaleko alderdi politiko eta langile guztien inplikazioa beharrezkoa da. Alde batetik, denek izan behar baitute zati aktibo eraldaketa honetan, eta bestetik honi jarraipena emateko ardura ere denona baita.

 

Kasu honetan, azpimarragarria da udaleko alderdi politiko guztien babesa duela egitasmo berri honek eta baita  langileen komitea osatzen duten sindikatuena ere.

 

 

Guztiaren gidaritza Gingko enpresak egingo du, Jesus Hernandez Aristu adituaren gidaritzapean.  Enpresa honen helburu nagusiak udaleko alde gizatiarra eta parte-hartzea lantzea izango dira baina baita ere udaleko egituraren azterketa teknikoa egingo duen enpresarekin elkarlanean aritzea ere.

 

Enpresa honen helburuak hauek izango dira:

 

Udaletxean bertan parte-hartze kultura  sustatzea.

 

Udaletxeko egitura osatzen duten departamentu ezberdinen arteko eta langile tekniko nahiz politikoen arteko parte-hartze prozedurak garatzea.

 

Gatazken konponbiderako eta aniztasunaren kudeaketarako prozeduren sarrera.

 

Udaleko antolakuntza egituraren berrikuntza.

 

Langile, tekniko eta politikoen arteko harremanen eta lan giroren hobekuntza.

 

 

Lan teknikoari dagokionez, Udalaren helburu nagusia:

 

Lasarte-Oriako Udalean egungo antolamenduaren diagnostikoa egitea eta antolamendu eredu berri bat definitzea da, udalaren kudeaketa eraginkorrago bat lortzeko. Lan tekniko hau egingo duen enpresa zein izango den langileen artean aukeratu dute eta hautaketa prozesua parte-hartzailea izan da.

 

4 enpresa desberdinek Udal barnean egin beharreko lanak betetzen dituzten proiektuak aurkeztu dizkiete langile guztiei. Langile guztiek informazio osoa jaso ondoren,  bozka bidez aukeratu dute aurrera egiteko enpresa eta proiektua. Beraz, azkenik proiektu irabazlea OPE Consultores eta Elhuyar enpresek batera aurkeztutakoa izan da.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna