Albisteak
Udalerriko kirol eta jarduera fisikoen inguruko ekarpenak jasoko dira Krosean
2014-10-23 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Kirola
Lasarte-Oriako Udalak igande honetan, urriak 26, Okendo plaza inguruan goizeko 11:00etatik aurrera karpa bat ipiniko du herritarrek udalerriko kirol eta jarduera fisikoaren inguruan duten iritzia jasotzeko. Egitasmo hau, Udalak ekainean hasi zuen Lasarte-Oriako Kirol eta Jarduera Fisikoaren Planaren baitan kokatzen da, hain zuzen. Plan honen xedea datozen urteetarako Udalaren kirol eta jarduera fisikoko helburuak eta lan-ildoak finkatzea da.
Partaidetza, ardatz nagusia
Plana garatzeko Udalak ekaina eta abendura bitarteko plana diseinatu zuen. Lehenik eta behin, azterketa eta diagnosia egitea, egungo egoera ezagutzeko eta herritarren iritziak biltzeko. Orain arte 30 bilera inguru egin dira herriko eragile ezberdinekin eta azterketarekin amaitzeko herritarren iritzia jaso nahi da. Nahiko kirol eta jarduera fisiko egiten al da herrian? erraztasunak al daude? eta oztopoak?. Galdera hauei erantzuteko eta bakoitzak dituen proposamenak partekatzeko, hain zuzen, Udalak herritar guztiak karpara gerturatzea gonbidatu eta animatzen ditu, herritarra ardatz baitu planak eta herritarren partaidetza funtsa.
Hurrengo pausoak
Behin karpa ipinita eta herritarren iritzi eta proposamenak jasota, amaitutzat emango da lehenengo zatia eta Udalak diagnosia edo azterketako ondorio nagusiak ezagutzera emango ditu. Horrela, hurrengo asteetan, azaro erdi aldera hasita, dinamika ezberdinak antolatuko dira. Dinamika hauetan kirola eta jarduera fisikoko alderdi ezberdinak landuko dira eta datozen urteetarako udalak izan behar dituen helburuak eta lan-ildoak definituko dira. Dinamika hauetan herritarren partaidetza izango da giltzarri, guztion artean erabakitzeko Udalaren lehentasunak zeintzuk izan behar diren definitzeko.
Argazkia: Txintxarri