Albisteak
Udalak eta euskalgintzako gizarte eragileak elkarlanean
2013-07-11 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza
Hitzarmen handiena, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria den Tomas Arrizabalaga jaunarekin sinatu zuen. Hitzartutako programak hamar izan dira eta, oro har, aurreko ikasturteko programa berdintsuak dira. Berrikuntzarik handiena, Boris Nogalesek azaldutakoaren arabera, Familia Programa izeneko programa da. Izan ere, programa horren bidez, herriko ikastetxeekin elkarlanean, gurasoen hizkuntza-praktikak lantzeko baliabideak eskaini nahi dira.
Hitzarmenak, 176.742,25 €ko diru-laguntza jasotzen du eta 2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 31 bitarteko iraupena du. Ttakun Kultur Elkartea arduratuko da programa horien guztien antolaketa osoa prestatzeaz, jasoleei informazioa ezagutarazteaz, behar diren langile guztiak kudeatzeaz, ebaluatzeaz eta diru-kontuak kudeatzeaz.
Lau hitzarmen ikastetxeekin
Bestalde, Alkateak herriko lau ikastetxeetako Guraso Elkarteetako lehendakariekin ere hitzarmenak sinatu zituen, Sasoeta ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteko Pello Sanchez Cuesta lehendakariarekin eta Institutuko Kaxkarro guraso elkarteko Juan Jose Martín Gonzalez lehendakariarekin hitzarmen bana eta Landaberri ikastolako guraso elkarteko Joxe Sarobe lehendakariarekin bi hitzarmen, bata lehen hezkuntzako ikastetxeko programekin eta bestea bigarren hezkuntzakoekin.
Diruz lagundutako programen artean daude ikastetxeetako aldizkariak (Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi), pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa (gazte-hizkera lantzea helburu duena) edo Gu ere bertsotan programa bezalakoak.
Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan eta bai dirutan, guztira lauen artean, iaz bezalatsu, 43.956,86 €ko aurrekontua suposatu dio Udalari.
Muntteri-AEKrekin jarraipena
Boris Nogales Euskara Batzordeko lehendakariak adierazi zuenez, urte askoren ondoren, Muntteri-Aekrekin hitzarmena adostu zuen iaz Lasarte-Oriako Udalak eta jarraipena eman dio orain datorren ikasturterako hitzarmen berriarekin. Herriko euskaltegiko Olatz Urdanpilletak lagunduta, hitzarmena Aek-ko arduradun den Mertxe Mugikak sinatu zuen hitzarmena.
Lau programa izango dira Udalak diruz lagunduko dituenak: Herriko ikastalde jakinei zuzendutako ikastaroak emateko 10.160,00 €, Askatu mingaina! programarako 1.500,00 €, Irakurzaletasuna sustatzeko programarako 800,00 € eta Autoikaskuntzako mintza-saioak laguntzeko 990,00 €. Guztira, 13.450,00 €ko diru-laguntza da hitzartutakoa.
Amaitzeko, udaleko ordezkariek azpimarratu dute garrantzitsua dela euskalgintzako gizarte eragileek egiten duten lan handi horrekin jarraitzea eta Udala pozik dagoela lankidetza-eredu hori indartzeaz.