Albisteak

Udalak bortxaketa saiakera salatu du eta biharko elkarretaratzera atxikitu da

2014-01-31 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala | Emakumea

Atzo herriko emakume talde batek salatu zuen urtarrilaren 1ean gertatutako bortxaketa saiakera dela eta, Udalak gaur goizean Bozeramaileen batzordea deitu du. Bertan, jazotakoa salatu eta bihar eguerdiko 12:30etan Okendo plazan burutuko den elkarretaratze deialdira atxikimendua jasotzen duen adierazpen instituzional bat adostu da.

 

Adierazpen instituzionala:

Lasarte-Oriako Udalak honakoa jakinarazi nahi du urtarrilak 1ean gertaturiko bortxaketa saiakeraren inguruan:

 

  1. Udalak babes erabatekoa agertzen dio bortxaketa saiakera jasan duen neskari, eta bere familia eta lagunei. Udalaren babes osoa dute; eta bidelagun izango gaituzte, nahi duten neurrian, aurrerantzean eman beharreko urratsetan.

 

  1. Udalak bere salaketa irmoena adierazi nahi du izandako bortxaketa saiakera kasuaren inguruan. Ez da onargarria, mingarria eta errepikaezina da, izugarria eta oso larria gertatu dena. XXI. mendean, gure kaleetan halakorik gertatzea, ez da salaketa hutsean geratu behar den zerbait.

 

  1. Udalak Ertzaintzari ahal den neurrian ikerketa azkartu dezala eskatzen dio, gertatu dena argitu eta prozedura judizialari hasiera emateko.

 

  1. Udalak komunikabideei eskatzen die, halako gaiek beharrezko duten ardurarekin jokatzeko. Gertaturikoa larria ez ezik mingarria ere badenez, erasotuak eta familiak merezi eta beharrezko duten intimitatea bermatzea exijitzen dugu. Ez dezagun espektakulurik egin drama honetaz.

 

  1. Udalak bihar, larunbata, herriko hainbat emakumeek  eraso hau kalean salatzeko egindako deialdiarekin bat egiten du, eta herriko eragile eta herritar guztiei bertara azaltzeko gonbitea luzatzen die. 12:30etan Lasarte-Oriako Okendo plazan elkarretaratzea deitu dute emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta erasotuari babesa adierazteko.

 

  1. Udalak, konpromiso irmoa agertzen du, halakorik berriz errepikatu ez dadin beharrezko neurri guztiak hartzeko. Gertaera larria, salagarria, mingarria da. Baina ez hori bakarrik, herritarren arteko bizikidetza arriskuan jartzen dute halakoek, pertsonaren askatasun indibiduala eta intimitatea urratu baitute. Honen aurrean, Udala ez da isilik geratuko, baina garrantzitsuagoa: ez da hitzetan soilik geratuko.

 

  1. Amaitzeko, berriro ere ozen esan behar da hau ez dela kasu isolatua. Oraindik ere emakumeen aurkako indarkeria egotea ahalbideratzen duen egitura oso baten ondorio zuzena baizik. Horregatik, kasu hauek sufritzen dituzten emakumeei salaketa egiteko deia luzatzen diegu gure babes osoa izango baitute.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna