Albisteak
Udalak bortxaketa saiakera berri baten aurrean biharko deiturik dagoen elkarretaratzera deitzen ditu herritarrak
2015-01-02 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala | Emakumea
Atzo, urtarrilaren 1an, jazotako bortxaketa saikera baten berri izan du Lasarte-Oriako Udalak, hori dela eta, hurrengo oharra plazaratu eta bihar, larunbata, eguerdiko 12etan Okendo plazan, herriko emakume talde batek antolatu duen elkarretaratzera atxikitzen da.
Lasarte-Oriako Udalak honakoa jakinarazi nahi du urtarrilaren 1ko bortxaketa saiakeraren aurrean:
-
Udalak babes erabatekoa agertzen dio bortxaketa saiakera salatu duen neskari, eta bere familia eta lagunei. Udalaren babes osoa dute; eta bidelagun izango gaituzte, nahi duten neurrian, aurrerantzean eman beharreko urratsetan.
-
Udalak bere salaketa irmoena adierazi nahi du izandako bortxaketa saiaketaren inguruan. Ez da onargarria, mingarria eta errepikaezina da, izugarria eta oso larria gertatu dena. XXI. mendean, gure kaleetan halakorik gertatzea, ez da salaketa hutsean geratu behar den zerbait.
-
Udalak Ertzaintzari ahal den neurrian ikerketa azkartu dezala eskatzen dio, gertatu dena argitu eta prozedura judizialari hasiera emateko.
-
Udalak komunikabideei eskatzen die, halako gaiek beharrezko duten ardurarekin jokatzeko. Gertaturikoa larria ez ezik mingarria ere badenez, erasotuak eta familiak merezi eta beharrezko duten intimitatea bermatzea exijitzen dugu. Ez dezagun espektakulurik egin drama honetaz.
-
Udalak bihar, larunbata, herriko hainbat emakumeek eraso hau kalean salatzeko egindako deialdiarekin bat egiten du, eta herriko eragile eta herritar guztiei bertara azaltzeko gonbitea luzatzen die. 12:00etan Lasarte-Oriako Okendo plazan elkarretaratzea deitu dute emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta erasotuari babesa adierazteko.
-
Udalak, konpromiso irmoa agertzen du, halakorik berriz errepikatu ez dadin beharrezko neurri guztiak hartzeko. Gertaera larria, salagarria, mingarria da. Baina ez hori bakarrik, herritarren arteko bizikidetza arriskuan jartzen dute halakoek, pertsonaren askatasun indibiduala eta intimitatea urratu baitute. Honen aurrean, Udala ez da isilik geratuko, baina garrantzitsuagoa: ez da hitzetan soilik geratuko.
-
Amaitzeko, zoritxarrez, berriro ere ozen esan behar da hau ez dela kasu isolatua. Horregatik, kasu hauek sufritzen dituzten emakumeei salaketa egiteko deia luzatzen diegu gure babes osoa izango baitute.