Albisteak
Udalak aurtengo San Pedro jaiak aurkeztu ditu
2013-06-07 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Kultura eta Jaiak
2013. urteko San Pedro jaiak berriro ere gainean ditugun honetan, aurtengorako prestatutako egitaraua aurkeztu eta festetako beste hainbat xehetasunen inguruko azalpenak eman ditu Tasio Arrizabalaga Gazteria, festak eta kirola departamentuko arduradunak.
- Jaietan BLAI! Jai hauen prestaketarako parte-hartze egitasmoa:
- Aurtengoan ere, San Pedro jai partehartzaile batzuk izan dira, bigarren urtez martxan jarritako JAIETAN BLAI! Parte hartzeko egitasmoari esker.
- Bilera hauetan, herritarren 67 proposamen jaso dira, eta hauek oinarri hartuta eraiki da egitarau osoa.
- Aurtengoan, gainera, herritarrek, antolatutako gaikako bileretaz gain, etxe guztietara banatutako eskuorrietan eta Internet bidez haien ekarpenak egiteko aukera izan dute.
- Beraz, Gazteria eta Festak departamentuaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu modu batean edo bestean parte hartu duten herritar guztiei.
- Egitaraua:
- Jaiak ekainaren 28an hasiko dira eta uztailaren 1era arte luzatuko.
- Sorgin Jaiak:
- Sorgin Jaiakek ordea 27an ekingo dio festari. Aurtengoan, lehengo urtean bezala, txosna Okendo plazan izango da, eta herriko eskenatoki nagusia banatu egingo dugu (Ttakun, Sorgin Jaiak eta udalaren artean).
- Horrela bada, Okendo plaza berriro ere jaien gune nagusi bilakatzea da helburua, elkarte eta talde ezberdinen ekimenak bertan txertatu eta elkarlotuaz.
- Beraz, beste ezerren aurretik, jaietan ekintzak antolatuko dituzten elkarte eta talde hauen lana txalotu nahi du Udalak, eta eskerrak eman: Sorgin Jaiak, Ttakun, Ostadar, Aterpea, Intza,… Bihotzez mila esker!
- Programara itzuliaz:
- 28an izango dira txupinazoak (haurrena 12.00etan eta orokorra 19.00etan), Sorgin Dantza, Zikiroa eta Beteranoen danborrada. Horretaz gain, kale animazioa ere izango da, eta gauean, Gozategi Okendo plazan. Ostean, karaokea.
- 29an berriz, larunbata, haurrentzako ekintzak, kale antzerkiak eta herri kirolak izango dira. Baita Omenaldia ere, 13.00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean.
OMENDUAK:
- Aurtengoan, lehengo urtean bezala, udalak herriko 3 elkarte omentzea erabaki du, gure herriaren alde egiten duten lana aitortu eta eskertuaz.
- Omenduak ALBOKA ABESBATZA, BELTZAK RUGBY TALDEA eta SOLASKIDE PROGRAMA izango dira.
- ALBOKA ABESBATZA: 25 urtez gure belarriak goxatu ditu Albokak, eta hau eskertzekoa da. Gainera, ez da kantatzea soilik izan, nolabaiteko lan didaktiko bat ere aurrera eraman dute Alboka txikirekin, gaztetxoenei musikarekiko maitasuna eta miresmena ere transmitituaz. Egindako lan guzti honengatik eskerrak eman nahi dizkiegulako omenaldi hau beraz.
- BELTZAK: gure herriko rugby talde beteranoa! Hauek ere 25 urte baino gehiago daramatzate jo eta su. Azken urteetan jasandako bilakaera, gainera, harrigarria da, rugby eskolak izugarrizko gorakada jasan du, eta Lasarte-Orian orain artean ia ezezaguna zen kirol batekiko gustoa eta maitasuna hedatzea lortu dute. Rugbyak berez dituen balio horiek gazteenei transmititzea ere ez da lan makala! Eta guzti horregatik ere eskerrak eman nahi dizkiegu.
- SOLASKIDE: eta azkenik, Solaskide programa. Edo, hobekiago esanda, Solaskideak. Horrelako ekimen bat sustatu eta martxan jartzeari meriturik kendu gabe, baina hemen benetazko esforzua eta konpromezua solaskideena da. Euskaraz mintzo bai, baina hizkuntza bera erabiltzeko testuinguru egokirik eduki ez arren, hau sortu, bilatu, garatzeko lana egiten ari diren guzti horientzat da omenaldi hau. Zuoi ere, Lasarte-Oriako udalaren izenean, eskerrak eman nahi dizkizuegu bihotzez.
- Esan bezala, omenaldia Kultur Etxean, 29an, eguerdiko 13.00etan izango da. Herritar guztiak gonbidatuta zaudete ekitaldian parte hartzera.
- Gainera, omenduak izango dira txupina bota eta aurtengo pregoia irakurriko dutenak.
- Larunbat gauean, parranda giroa zabalduko da herrian. Anai-Arrebak eta Blues Thorpes taldeak izango dira Okendoko kontzertuak, baina honetaz gain, Zozongo batukada, Dj emanaldia eta txaranga ere izango ditugu goizaldeko ordu txikietara arte.
- 30ean, igandea, goizaldeko poteoa girotzeko txalaparta ikuskizun bat, kantu jira eta haur danborrada izango dira. Arratsaldean berriz sagardo dastaketa, erromeria eta beste kale ikuskizun batzuk ere bai. Noski, guzti hau txaranga soinuz lagunduta.
- Eta azkenik astelehena, uztailak 1, haur eta gaztetxoentzako eguna izango da. Ostadarrek lagun talde eta familientzat herri jolasak antolatuko ditu gainera arratsaldean, eta ostean, apar festa izango dugu. Bukatzeko, Okendon, Abiba diskojaia izango da, eta nola ez, baita su festak eta zezen suzkoa ere.
Beraz, lasarteoriatar guztiak San Pedro jaietan parte hartzera, ondo pasatzera eta gozatzera gonbidatu nahi ditu Udalak. Besterik gabe, mila esker gaurkoan bertaratu zareten guztioi, eta gozatu festak. Gora San Pedro jaiak!