Albisteak
Terrazetako ordenantzarako proposamen eskaera
2016-12-01 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udalak epea zabaldu du herritarrek proposamenak egin ditzaten tabernetako eta kafetegietako jarduera arautzeko Udalak abian jarri nahi duen ordenantza berriaren inguruan. Abenduaren 23ra bitartean aurkeztu ahal izango dira proposamenak.
Aspaldi honetan, asko ugaritu da Lasarte-Orian zoru publikoaren erabilera ostalaritzako jardueraren osagarri diren terrazak instalatzeko.
Jarduera hau gauzatzeko lizentzia beharrezkoa den arren, kontua da jarduera hori arautu eta berdinduko duen araudi bat ez izateak nolabaiteko kontrol eza ekarri duela, eta ondorioz, kexa ugari eragin du terraza horien inguruan bizi direnen aldetik.
Hori dela eta, ordenantza bat egiteko premia ikusi du Udalak, batetik, ostalaritza alorrekoek erabilera publikoko espazioekin egin ditzaketen erabilerak arautzeko, aprobetxamendu berezikoak eta aberasteko asmoarekin egindakoak baitira, aldi berean herritarrentzako erabilera komuna babesten delarik; eta bestetik, herritarraren atsedenerako eskubidea zaindu behar da, ostalaritzaren garapenerako eskubidearekin batera, oso sustraitua baitago herritarren artean eta eragin handia baitu herriko ekonomian eta lanpostuetan.
Xedapen arau-emaile hau, printzipioz, balio hauetan oinarrituko litzateke:
- Pertsonek ingurune osasungarri bat izateko duten eskubidea zaintzea, horrekin bermatzen baita, alde batetik, atsedenerako eskubidea, osasunerako eskubidearen elementu osagarri gisa; eta bestetik, integritaterako eta egoitza bortxaezintasunerako eskubidea.
- Lehentasuna emango zaio erabilera komun orokorrari, oinezkoei arreta berezia esakiniz, bermatu egin behar baita herritarrei ez zaiela murriztuko erabilera publikora bideratutako espazioetarako sarbidea, arin, eroso eta segurtasunez sartzeko modukoa izan behar baitu.
- Zuhaitzak, parterrak, hiri paisaiako landareak eta hiri altzariak zaintzea.
- Zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzea, bereziki larrialdietakoak eta lurrazpiko azpiegituretakoak.
Udal honi egokia iruditzen zaio, ordenantza onartzeko prozesuaren aurretik, gai honen inguruan kontsulta bat garatzea, interes kontrajarriak dituzten pertsonei eragiten baitie. Hori dela eta, idatzi honen bidez, gonbidatu egiten ditugu hala nahi duten pertsonak Udalean beren proposamen edo ekarpenak aurkez ditzaten. Hiru modutara egin ahal izango dira ekarpen horiek:
- Idatziz, Udalaren erregistroan idatzi bat aurkeztuta.
- Telematikoki, email bat bidaliz helbide honetara: sugerencias@lasarte-oria.eus
Webaren bidez: http://albisteak.lasarte-oria.eus/euskara/galdeketak