Albisteak
Sexu arteko nazio askapenerako eguna dela eta Udaleko bozeramaileen batzordean onarturiko adierazpena
2013-06-28 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala
1969ko ekainaren 28a data historikotzat hartzen da gay, lesbiana, transgenero eta transexualen askapenerako mugimen-duarentzat. New Yorkeko Stonewall tabernako gertakariak ekainaren 27tik 28rako gauean gertatu ziren, transexual, transgenero, lesbiana eta gay talde bat matxinatu egin zen, poliziak talde hauen aurka egiten zituen gehiegikeriak salatu eta beren eskubideak aldarrikatzeko. Beren eskubideak defendatzeko askotan elkartu izan baziren ere, egun hartan, sexu-joera eta identifikazio desberdineko pertsonek isolaturik egoteari utzi eta sistemari aurre egiteko elkartu egin ziren, beren eskaerak agerian jartzeko.
Hala ere, gertakari historiko hori gertatu zenetik berrogeita lau urte igaro badira ere eta gay, lesbiana, transgenero eta transexualen eskubide zibilen arloan aurrerapauso handiak egin badira ere, gogorarazi behar da sexu-joera edo identifikazioa dela kausa, oraindik giza eskubideak diskriminatu eta bortxatu egiten direla. 113 herritan legezkoa da homosexualitatea, horietatik 55ek dute lanean sexu orientazioagatik diskrimi-natzearen aurkako legedia, 10ek dute berdintasunezko ezkontza eta 12 herritan dute adopziorako eskubidea sexu bereko bikoteek. Aldiz, %40ek oraindik kriminalizatu egiten du sexu berekoen arteko harremana, hauetan zigorrak zigorradak hartzea, espetxea, bizi guztirako espetxea edo heriotza zigorra izan daitezkelarik.
Azken urteotan aurrerapauso handiak eman dira gay mugimenduaren ikusgarritasunaren arloan; artista, politikari, idazle, irakasle eta militarren batek ere beren izaera homosexuala agerian jarri du jendaurrean. Gizon gay-ak badaude eta gero eta gehiagotan agertzen dira publikoki. Aldiz, lesbianismoak ez dauka gizonezkoen homosexualitateak duen onarpen sozialik. Emakume lesbianek dituzten arazoen artean bat da emakume hauek ez existitzea eta gure jendartearen arlo askotan oraindik ikusezinak izatea.
Halaber, urte asko dira transexual eta transgenero taldeak antolatu zirela beren eskubide legalak, osasun arlokoak eta sozialak defendatzeko. Genero Iden-titatearen Legea (2007) lorpen handia izan da desberdintasuna eta aniztasuna duintzeko, nahiz eta kritika zorrotzak jaso dituen. Horrela lortu dute sexua eta generoa bereiztea onartzea eta kirurgia ez izatea derrigorrezkoa identitatea aldatzeko. Hala ere jakina da pertsona transexual eta transgeneroak oraindik ere diskriminazio eta baztertze sozial latza jasaten dutela, gabezia handiak jasaten baitituzte oraindik, bai administrazioaren aldetik jasotzen duten arretari dagokionez nahiz aitortza sozialaren aldetik, horrela biolentzia eta zigor handiagoa jasoaz.
Hau guztiagatik, Lasarte-Oriako Udalak, Bozeramaile Batzordean bilduta, herrian honako ekintza hauek aurrera eramatea adosten du:
- Lesbiana, gay, transexual eta transgeneroen eskubide eta askatasun publikoak defendatzea politikoki onartu eta babestea. Horretarako diskriminazioaren aurkako politika aktiboak sustatuko dira udaleko departamentu ezberdinek antolatutako ekintza orotan (Gazteria departamentuan eta Gaztelekua bezalako proiektuetan atentzio berezia jarriaz guzti honi), sexu-joera eta identifikazio desberdinen normalizaziorantz bideratuak, eta dauden aurreiritzi eta estereotipoak gainditzeko jarrera irekia garatuko dutenak.
- Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako informazio eta sentsibilizazio kanpainak sustatzea, zeinak herritartasun solidarioaren kontzientzia sortzea helburu izango duten. Kontzientzia honek jarrera aldaketa eta pertsona lesbiana, gay, transexual eta trangeneroenganako aurreiritzi eta mesfidantzak desagertzea erraztuko du. Talde hauek beren egunerokotasuna azal dezaten beste herritarren berdintasun, askatasun eta errespetuzko baldintza beretan.
- Formazio programa eta hezkuntza planak jartzea herriko ikastetxe, hezitzaile talde eta Gaztelekuaren (Nerabeen Zerbitzua) eskura. Aipatu taldeetakoak diren pertsonak baztertuak izan daitezen saihesteko eta ikasleak beren identitate, afektibitate eta sexualitatea osotasunean gara dezaten eta beren bizitza proiektuak eta eskubide guztiak oztoporik gabe goza ditzaten bermatzeko.
- Eskumena duten agintariei helaraztea pertsona transgenero, transexual, lesbiana eta gayen eskubide eta askatasunak babestearen alde jardun eta transexualitatea despatologizatzen lagundu behar dutela eta horretarako eskatu: genero disforia psikiatriako liburuetatik kentzea, lanean ez diskriminatzea eta talde hauen beste hainbat aldarrikapen ere aintzat hartzea.
- Sexu Askapenerako egun internazionala San Pedro jaien lehen eguna izanik, Udaletxeko balkoiean festa guztietan zehar Bozeramaileen Batzordeak manifestu honi bere adostasuna eman diola adieraziko duen ikurra jartzea.