Albisteak
Onartu da Udalaren Erregelamendu Organikoa
2016-01-14 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Azken Udalbatzarrean onartu zen Udalaren Erregelamendu Organikoa, zeinen bidez arautzen baita Udalbatzarraren funtzionamendu eta antolamendua, eta Korporazioko zinegotzien eskubide eta betebeharrak.
Orain arte, legedi eta araudi orokorraren bidez erregulatzen zen Udala, ez baitzegoen erregelamendu lokalik, eta alkatearen irizpidearen arabera. Lorpen handia da Udalak, 30 urteko ibilbidearen ondoren, azkenean bere UEOa izatea. 13 zinegotziren babesa izan du (PSE-EE, EHB eta EAJ-PNV) eta bi abstentzio (ADLOP eta PP). Kontsentsu maila handiko UEOa da, behar zen moduan.
Horrela, araututa geratzen dira behin betiko beste batzuetan hainbat gorabehera sortu zuten gaiak: udalbatzarretako eztabaidak, mozioak eta emendakinak aurkeztea, zinegotzien informaziorako eskubidea, edo Gobernu Lokalaren erantzuna kontrol-udalbatzarretako galderei. Araututa geratzen dira, halaber, zinegotzien eskubideak eta betebeharrak.
Azpimarratu beharreko beste alderdi bat da Bozeramaileen Batzarrak udal organo izaera hartzen duela, bere erregulazio propioarekin. Halaber, batzorde informatzaile bereziak eratzeko sistema ezarri da.
UEOak, lehenengo eta behin, korporazioa arautzen du: osaketa, bakanteak betetzea, alkatea eratzea eta izendatzea. Ondoren, zinegotzien estatutua arautzen du, printzipio etikoak (gardentasuna, portaera duina, erantzukizuna...) eta portaerazkoak ezartzen dituelarik. Baita, halaber, eskubideak eta betebeharrak (asistentzia, lansariak, portaera, erantzukizuna, informazioa, jardueren aitorpena, ondasunak eta interesak...). Udal Alderdi Politikoen eraketa ere ezartzen du, eta zinegotzi adskribatu gabeen erregimena.
UEOak honako organo hauek determinatzen eta erregulatzen ditu: alkatea, alkateordeak, Udalbatzarrak, Gobernu-Batzar Lokala, Batzorde Infomatzaile iraunkorrak eta Kontuen Batzorde Berezia. Organo osagarri gisa eratzen ditu Zinegotzi Delegatuak, Bozeramaleen Batzarra, organo deskontzentratuak eta deszentralizatuak, Herritarrek Parte Hartzeko Foroak, Erakunde Sektorialak eta Batzorde Informatzaile bereziak.
Alkateari dagokionez, lehenengo aldiz ezartzen da konfiantzaren gaia, udal aurrekontuei, ordenantza fiskalei, planeamenduari eta zentsura-mozioaren prozedurari lotua. Arautzen ditu, halaber, alkatearen ordezkapena, atribuzioak, delegatzeak, erabaki-motak eta bere kabinetea. Alkateordeei dagokienez, UEOak haien izendapena eta funtzioak erregulatzen ditu.
Hiru osoko bilkura mota ezartzen ditu: ohikoa, ez ohikoa eta ez ohiko urgentziazkoa, erabaki delarik deialdia egiteko modua, gai-zerrenda eta deialdia egiteko beharrezkoa den dokumentazioa. Baita, halaber, emendakinak eta mozioak aurkezteko sistema, bozkatzekoa, udalbatzarretako eztabaidak egitekoa eta boto azalpenari buruzkoa. Azkenik, erregulatu egiten du, baita ere, nola egin eta erantzun behar diren eskaerak eta galderak, Gobernu Lokala kontrolatzeko.
Gobernu Batzarrari dagokionez, honako hauek erregulatzen dira: izaera, osaketa eta funtzioak, baita batzorde informatzaile iraunkorrak ere, zeinetara joan ahal izango baitira zinegotziak ez ezik elkarte edo erakundeen ordezkariak ere, herritarren interes orokorrak edo sektorialak defendatze aldera. Era berean, bilkuretara joan ahal izango dira irizpen zain dauden gaiekin interes zuzena duten erakundeak edo pertsonak.
Bozeramaileen Batzarra ere erregulatzen du, orain arte ez baitzen inongo erregelamendutan jasotzen. Izaera, osaketa eta funtzioak ezartzen dira, baita iritsi beharreko akordio motak ere. Batzorde informatzaile bereziak sortzeko prozesua ere arautzen da, orain arte udalbatzarreko erabakien bidez eratuak izan baitira.
Azkenik, arau eta aurrekontu lokalak onesteko, bertan emendakinak jartzeko, eztabaidatzeko eta botoa emateko prozedura ezartzen du.