Albisteak

Omenaldi hunkigarria Antonio Mercerori, familia bertan zelarik

2018-05-24 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

Lasarte-Oriako Udalak omenaldi hunkigarria egin zion Antonio Mercero lasarteoriatar zinemagileari. Alarguna eta seme-alabak bertan zirela, Kulturako zinegotziak eta Gipuzkoako Kulturako ahaldunak hitz batzuk egin zituzten haren pertsona eta lana oroitze aldera.

Jose Ignazio Ansorenak eman zion hasiera ekitaldiari, eta horretarako, txistuarekin eta danbolinarekin Merceroren gustuko lanen pot-pourri bat jo zuen. Kulturako zinegotzi Maite Iglesiasek, alkatearen ezin etorriarengatik barkamena eskatu ondoren, Antonio Merceroren figurak eta lanak Lasarte-Oriarentzat izan duen garrantzia nabarmendu zuen, herriarekin zuen lotura azpimarratu zuelarik. Iglesiasek eskerrak eman zizkion Mercerori egindako lanagatik, guztion bizitzaren zati baitira dagoeneko.  Antonio Mercero Museo Birtualeko lanak bukatzeko konpromisoa azaldu zuen publikoki, haren bizitza eta lana interesatuta dagoen edozeinentzat sarean eskuragarri egon daitezen.

Kulturako zinegotziak, alkatearen izenean egindako esku-hartzearen ondoren, Gipuzkoako Kulturako ahaldun Denis Itxasori eman zion hitza. Hark, Antonio Merceroren figura goraipatu zuen, gipuzkoar kulturaren benetako ordezkari gisa. Oroimen-hitz horien bidez, haren lanaren balioak nabarmendu zituen, beti hurbil eta askotariko publikoari zuzenduak, eta adierazi zuen Mercero dela publikoaren, kritikaren eta zinema-munduaren  txaloak jaso dituen figura bakan horietako bat.

Jarraian, Isabel alarguna eta Antonio, Isabel eta Maria seme-alabak oholtzara igotzera gonbidatu zituzten, eta bertan, jarduneko alkate Lourdes Acevedoren eta Kulturako ahaldun Denis Itxasoren eskutik plaka bat eta lore-sorta bat jaso zituzten Lasarte-Oriarentzat hain garrantzitsua izan den figuraren oroigarri gisa. Haren seme Antoniok, aita bezala zinemaren mundura dedikatu denak, eskerrak eman zituen familiaren izenean aitaren omenaldian jasotako laguntzagatik eta hitzengatik, herriak Mercerori zion maitasuna erakusten baitute.

Ondoren, lau astean zehar gozatu ahal izango den zikloa aurkeztutakoan, auditorioa bete zutenek ikusi ahal izan zituzten Nieves Herrerok Antonio Mercerori egindako elkarrizketa bat, La Cabina filma eta 2006an egin zuen dokumentala Lasarte-Oriako baserrien inguruan, Baserri galdua izenekoa. 

Ostegunean, hilak 24, telebistarako lanen unea izango da. Haren lana ezagutzeko, hauek emango dira: Crónicas de un Pueblo telesaileko El amor y una manzana kapitulua, Verano Azul serie ospetsuko 18. kapitulua, Algo se muere en el alma, eta Farmacia de Guardia ezaguneko Así se hizo el último capítulo dokumentala.

Ostiral 25ean, lehendabizi, 1467. Nodoa (Misa Vasca) proiektatuko da, frankismoaren diktaduran filmatutako dokumental bitxi eta interesgarria, Lasarte-Oriako San Pedro elizan euskaraz egindako meza batena. Haren ondotik, 4ª Planta film saritua eta konprometitua proiektatuko da: ospitale batean minbiziz gaixo dauden haur batzuen bizitzaren begirada oso zaindua, tarteka sinpatikoa. Pelikularen sarrera Euskadiko Filmategiko zuzendari Jose Fernandezek egingo du.

Zikloa larunbat 26an amaituko da, Antonio Merceroren azken filmarekin: ¿Y tú quién eres?, Alzheimerrarekin diagnostikatutako gizon baten bizimodura hurbiltzen gaituena. 2007ko film hau bizi-testamentu moduko bat da, bi urte geroago Antonio Mercero bera Alzheimerrarekin diagnostikatuko baitute. Aldez aurretik, Históricos del Balompié serieko Real Sociedadi buruzko dokumentala proiektatuko da. Jesús Angulo, Antonio Merceroren biografoa, arduratuko da azken saioaren aurkezpenaz.

Ekitaldi guztiak Kulturetxeko auditorioan egingo dira, eta 18:30ean hasiko dira. Dohainik izango dira, eta gonbidapenak Kulturetxean jaso ahalko dira 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean, edo leihatilan eguneko saioa hasi baino lehen.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna