Albisteak

Omenaldi hunkigarria 1936ko estatu-kolpearen lekukoei

2016-03-09 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Islada Ezkutatuak elkarteak, Udalarekin elkarlanean, ekitaldi xume baina hunkigarria antolatu zuen, gure Historiako garai latz baten memoria biltzeko lanean parte hartzen aritu diren azken pertsonen omenez.

 

Hamar izan ziren omenaldia jasotzeko ekitaldian presente zeudenak: Eladia Gubía Segurado, Juana eta Genotxo Barrenetxea, M.ª Luisa Arruti Illarramendi, Josefa Sarriegi Agirre, Migel Iturrioz Amundarain, Inaxi Otegi Egia, Martin Goenega eta Isabel Herrera Blanco. Barruan mezua zeukan botila bat entregatuta, Islada Ezkutatuak elkarteko kideek omenaldi hau egin nahi izan zieten, beren memorian murgiltzeko ahalegina eginda, beren oroitzapenak gorde beharreko altxor preziatu gisa eskaini dizkigutenei.

 

Elkartearekin kolaboratzen ari diren guztien argazki zahar eta berriak proiektatu ondoren, Espainiako gerraren hondamenak lehen pertsonan nozitu zituztenen testigantzak bilduz elkartea 5 urte honetan egiten ari diren lanaren berri eman zuen Mailu Arrutik. Gogorarazi zuenez, garrantzitsua da pertsona haiek beren oroitzapenak, beren memoria guri emateko egiten duten ahalegina, eta horregatik ezinbestekoa da omenaldi hau.

 

Ondoren, Jesus Zaballos alkateak bere esker ona agertu zion Islada Ezkutatuak elkarteari, sufrimendu handiko eta odol ugariko garai baten memoria argitara ager dadin eta gorderik gera dadin egiten duten justiziazko lan handiagatik, hain denbora luzean isilik egon behar izan zutenei hitza emateagatik. Eta bereziki eskertu zien omenduei beren bihotzetan gorde behar izan zutena guri helaraztea, gu gorrotorik eta herrarik gabe hezi izana.

 

Gipuzkoako Diputazioko Giza Eskubideen zuzendariak, Maribel Bakerok, eskerrak eman zizkien elkarteari eta omenaldia jasotzera zihoazenei, haien testigantzei esker hobeto jakin baitezakegu zer gertatu zen garai hartan, eta adierazi zuen beharrezkoa dela haiei erreparazioa eskaintzea.

 

Joxe Muguruzak orduan gertatutakoaren aipamen historiko labur bat egin zuen, azpimarratuz ez zela gerra zibilik izan, baizik eta gertatu zena Errepublikaren erregimen legitimoaren kontrako estatu-kolpe bat izan zela, gaizki atera zena eta ondorioz gertaera lazgarriak ekarri zituena, gizartea haietatik ahal zuen moduan defendatu zelarik. Walter Benjamin filosofoa gogora ekarrita, aitortu zuen zailagoa dela omenaldia pertsona izengabeei egitea, baina solemneena dela.

 

Hitzen ondotik, omenduentzako oroigarrien banaketa etorri zen, barruan mezua zeukan beirazko botilatxo baten forman. Aurretik, baina, haietako batek, Eladia Gubiak, espontaneoki eskertu zion Islada Ezkutatuak elkarteari bere memoria ez ahazteko egiten duen lana.

 

Ekitaldia girotuz, Joseba Tapia aritu zen, eta, bere gitarrarekin, Gerra Zibilaren gaiari buruz berak ondutako bi kanta abestu zituen.

 

Taldeari argazkia egiterakoan, han bildutako asko batu zitzaizkion, lehenago elkartearen kolaboratzaile izandakoak, eta ondoren lunch xume bat egin zen. Une hartan, elkarteak han bildutakoei eskatu zien ikusgai jarritako gerrako argazkiak begira zitzatela, oraindik identifikatzeke leudekeenak identifikatzeko asmoarekin.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna