Albisteak

“Lasarte-Oria, gure herria” ikastunitate berritua

2013-10-04 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Prentsaurrekoa

Pablo Barrio alkateak eta Euskara Batzordeko lehendakari Boris Nogalesek lagunduta, Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri ikastetxeetako haur eta irakasleek aurkeztu dute ikastunitatearen edizio berria.

Ikastunitatearen helburua da udalerriari buruzko ezagutzan sakontzeko material egoki bat eskaintzea. Lasarte-Oria herri berri bat da eta garrantzitsua da herrian bizi diren guztiak lasarte-oriatar sentitzea, eta Udalak hori bultzatzeko ahaleginak egin nahi ditu.

Karpeta koloretsu eta eder batean biltzen dira Lasarte-Oria ezagutzeko argibide asko eta onak ematen dituzten 9 gaiak: “Kaleak, jendez beteak”, “Berdea nagusi”, “Lurrari esker bizi gara”, “Lan eta lan”, “Hemendik hara”, “Zaharrak berri”, “Euskara bizi-bizirik”, “Kirolak aukeran” eta “Jaia da gaia”.

1997an argitaratu ziren lehendabiziko edizioaren 1.000 aleak eta 2005ean beste hainbeste. III. edizio honetan beste 800 ale argitaratu dira. Horrek adierazten du herriko ikastetxeetan ikasi duten eta ikasten ari diren ia 3.000 haurri transmititu zaizkiela eta transmitituko zaizkiela herriari buruzko ezagutzak.

        III. edizio hau atontzeko ardura, aurrekoak bezala, Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak kooperatibak izan du eta bertako ordezkari den Elisabet Gondatek adierazi duenez, aurreko ikastunitatearen oinarria mantenduz, berrikuntza ugari txertatu dituzte argazkietan, diseinu grafikoan eta baita paperean eta karpetan bertan ere, guztiak erabiltzaileen premiak ahalik eta ondoen asetu nahian.

        Udaleko ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkie ikastunitatea prestatzen lagundu duten herritar guztiei eta bereziki Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko eta Landaberri ikastolako irakasleei, materiala erabiliz, gure herriko haurrak Lasarte-oriatar sentitzeko egiten duten ahaleginagatik.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna