Albisteak

Lana aurkitzeko aukerak hobetzeko

2015-04-01 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Urtearen garai honetan hainbat eta hainbat gazte ari dira erabakitzen zein lanbide ziklotan eman izena. Ez da erabaki erraza izaten eta Buruntzaldeko udalok laguntza eskaini nahi diegu gazte horiei, eta animatu, ikasketa horiek euskaraz egitera. Horregatik, 2015-16 ikasturtean Buruntzaldean eta alboko eskualdeotan euskaraz egin ahal izango dituzten zikloen informazioa jasotzen duen esku-orria jarri diegu eskura.

Guztira 50 ziklo dira B eta D ereduetan eskaintzen direnak gure herriotan eta albokoetan: hasierako lanbide prestakuntzan 2, erdi-mailako zikloetan 21, eta goi-mailako zikloetan 27. Ez da eskaintza makala, beraz.


Urtez urte euskarazko eskaintza zabaltzeko erronkan dabiltzan ikastetxeek helburu nagusia dute euskaraz ikasi nahi duten ikasleei aukera ematea, ikasketak euskaraz egiteko. Matrikulazio datuei erreparatuta, goi-mailako zikloetan nabarmena izan da lan horrek emandako emaitza: 2005-06 ikasturtean, 776 ikasleetatik %32k eman zuten izena B eta D ereduetan, 2014-15 ikasturtean, berriz, %54k. Erdi-mailako zikloetan ez da bilakaera handirik egon, 2005-06 ikasturtetik hona B eta D ereduetan matrikulatutakoen ehunekoa %54an mantendu baita.
 

Azpimarratzekoa da lanbide heziketa euskaraz egiteak laguntzen diela ikasleei gerora lan munduan euskaraz aritzen. Horren ildotik, Buruntzaldeko udalok eta ikastetxeak konpromisoak ari gara lantzen, ikasleak lantokiko prestakuntza egitera doazen enpresetan praktikaldi horiek ere euskaraz egiteko. Enpresek begi onez hartu dute egitasmoa, euskaraz trebatutako langileek balio erantsia ematen baitiote enpresaren jardunari, eta gainera, eragina izaten baitute gainontzeko langileen hizkuntza erabileran.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna