Albisteak
Kultura leku guztietan programaren aurkezpena
2017-05-16 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udalak herriko merkataritza eta ostalaritzako establezimenduei haietan jarduera kulturalak egiteko aukera eskaintzen die. Baldintza bakarra da Aterpea merkatari eta ostalarien elkarteko kide izatea.
Jesus Zaballos alkateak, Maite Iglesias kulturako zinegotziak eta Xabier Goitia arloko teknikariak atzo aurkeztu zuten Kultura leku guztietan programa berria. Horrekin, aukera berri bat zabaltzen zaie Lasarte-Oriako merkatari eta ostalariei beren establezimenduetan jarduera kulturalak eskaintzeko. Programan parte hartu ahal izateko, eskaera aurkeztu behar dute maiatzaren 15etik 26ra bitartean.
Zaballosek azpimarratu zuen beharrezkoa dela kultura herritarrei irisgarri egitea BEZak kultura hainbeste zergapetzen duen garai honetan. Horregatik eskaintza hau, jarduera kulturalerako gune berriak irekitzeko, edonor sartzeko modukoak.
Behin epea amaitutakoan, establezimendu eskaeragileen ezaugarriak analizatuko dira, erabilgarri daukaten lekuaren araberako jarduera-mota planteatzeko.
Ekimen honen asmoa hiru helburu handi lortzea da:
-
Udalerrian kultura sustatzeko gune alternatibo berrien sorrera bultzatzea.
-
Artistei gune ezberdinak eskaintzea haietan beren sorkuntzak promozionatzeko eta hedatzeko.
-
Herriko merkataritza sustatzea.
Gure herriko gune kulturalak dibertsifikatzea bilatzen duen programa honekin, Lasarte-Oriako merkataritzari eta ostalaritzari herriko establezimenduetan kontzertu txikiak, formatu txikiko antzezlanak, monologoak, erakusketak, irakurketak, etab. egiteko aukera eskaini nahi die udalak, leku naturalak eta irisgarriak diren heinean, artistentzat bezala publikoarentzat ere.
Horretarako, udalak deialdi bat zabaldu die Lasarte-Oriako merkataritza eta ostalaritzako establezimenduei, 2017ko bukaera aldera arte egingo diren jardueren zirkuitu honetan parte hartu nahi badute.
Baldin eta proposamena interesatzen bazaizu, maiatzaren 15etik 26ra arteko epea duzu eskaera guri bidaltzeko, e-mail honetara: kultura@lasarte-oria.eus. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943.376181 telefonoaren bidez kontakta dezakezu Kulturako Departamentuarekin.