Albisteak

Kiroldegi proiektu berri bat egiteko proposamen teknikoak osatuko ditu Udalak

2015-04-30 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Kirola

Kirol-instalazioei dagokienez, herritarrek zein behar eta zein arazo dituzten ezagutzea da ezinbestekoa. Hori dela eta, kirol-sailak honi dagokionez eskura zuen informazio guztia bildu, kontrastatu eta konprimitu da, eta Lasarte-Oriako kirol-instalazioen azterketa osatu da. Guzti hau jasota, orain Kirol eta Hirigintza sailak kiroldegi proiektu berri baten proposamen teknikoak egiten hasiko dira.

 

Jolasteko eta Jokatzeko. Kirol-plana:

Lasarte-Oriako kirol-sailak, 2014. urtean zehar, “Jolasteko eta Jokatzeko. Lasarte-Oriako kirolaren eta jarduera fisikoaren plan estrategikoa” gauzatu zuen, herriko kirolaren egoera zein zen ezagutzeko eta herritarren beharretan oinarrituta (30 bileratik gora egin ziren), hurrengo urteetan hau hobetzeko eman beharreko pausoak definitzeko. Plan hau jada amaituta eta onartuta dago, eta nahi duen orok eskuragarri du udaleko web orrian.

 

Planean, herritarrek kirolari zegokionez zein behar nagusi identifikatzen zituzten jasotzen da, eta, noski, hainbat gairen artean, Lasarte-Oriako kirol-instalazioen zaharkitze-egoera identifikatzen da (zehazki, planeko 2. puntuan).

 

Alor honetan esku-hartze bat behar-beharrezkoa dela jakitun izanda, Lasarte-Oriako Udaleko kirol-sailak planaren garapena puntu honi helduta hastea erabaki du.

 

Kirol-instalazioen azterketa

Kirol-instalazioei dagokienez, herritarrek zein behar eta zein arazo dituzten ezagutzea da ezinbestekoa. Hori dela eta, kirol-sailak honi dagokionez eskura zuen informazio guztia bildu, kontrastatu eta konprimitu da, eta Lasarte-Oriako kirol-instalazioen azterketa osatu da. Lan hau egiteko, hainbat informazio-iturri erabili dira, hala nola kirolaren plan estrategikoan instalazioen inguruan jasotako ekarpenak, kiroldegiko erabiltzaileen artean urtero-urtero egiten den inkestako proposamenak, udaletxeko erregistro bidez jasotako kexak, Kirol-Mahaian elkarteetako ordezkarien aldetik jasotako ekarpenak...

 

Ondorio nagusiak

Garai bateko kirol-eskaerari eta joerei erantzuteko sortu zen kiroldegia, eta ordutik unean uneko moldaketak egin dira eguneratzeko, eta konponbidea eman zaie, ahal izan den neurrian, herritarrek adierazitako beharrei edo eskakizunei. Kiroldegian eta Kirolgunean etengabe egin dira berrikuntzak eta moldaketak, baina beharretako batzuei erantzutea ez da horren erraza, eta bestelako konponbideak eskatzen dituzte.

 

Etengabe moldatu edo egokitu baldin bada ere, urte asko iragan dira egin zenetik, eta Kiroldegia zaharkituta geratu da; hainbat instalazio eta ekipamendu berritzeko premia gero eta nabarmenagoa da. Zailtasunak daude zerbitzu batzuk behar bezala emateko edo nahi duten herritar guztiei zabaltzeko, eta batez ere leku edo espazio falta da arazo nagusia, ordu jakin batzuetan.

 

Arazoei eta beharrei dagokienez, informazio-iturritzat hartutako gehienak bat datoz nagusiak identifikatzean eta oro har ez dago kontraesanik. Kointzidentzia ia erabatekoa da arazo edo behar nagusietan, baita instalazio/ekipamendu bakoitzean ere.

 

Beraz, berrikuntza edo eraldaketa garrantzitsu bat egitea beharrezkoa dela ondorioztatzen da Kirol-sailetik. Eta lan hau jada osatuta, herritarren iritzitan, kiroldegi berri baten proiektuan zer aldatu eta zer hobetu beharko litzatekeen aztertua dago.

 

Udaletxeko teknikarien proposamen teknikoak osatzea:

Behin herritarren beharrak zein diren ezagututa, txosten hau udaletxeko hirigintzako eta kirol-saileko teknikariek hartuko dute, nolako kiroldegi bat nahi genukeen jakitea ez baita nahikoa: nahiko genukeen kiroldegi hori non, nola eta zein kondiziotan nahi dugun jakin behar dugu.

 

Horretarako, egun ditugun instalazioek eskaintzen dituzten aukera eta zailtasunak baloratu behar dira: izan nahi ditugun instalazio berrien kokapenak zein arazo eta zein aukera planteatzen dituzten ikusi behar da; egungo instalazioen ohiko jardunean zein moldaketa egin beharko liratekeen baloratu behar da; espazio handiago edo txikiagoak behar diren zehaztu; espazio hauen kokapenak zein izan behar duen baloratu; kostu ekonomikoak kalkulatu, etab.

 

Teknikariek, beraz, datozen hilabeteetan Lasarte-Oriak kirol-instalazio berriak izateko aukerak aztertu eta proposatuko dituzte. Ildo honetan, prozesu barne-biltzaile bat jarriko da martxan: orain artean planteatutako aukerak, eraberritzeak edo handitzeak eta bestelako berriak aztertuko dira, tartean Kiroldegi berri baten kokalekua.

 

Herritarren papera:

Behin proposamen hauek gauzatuta, hurrengo pausoa kirol-eragileekin eta oro har herritarrekin partekatzea izango da etorkizuneko proiektuaren norabidea adosteko.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna