Albisteak
Jolasteko eta Jokatzeko: kirolaren eta jarduera fisikoaren plana aurkeztu da
2014-11-13 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Kirola
Lasarte-Oriako udaleko kirol-departamentuak 2014. urterako erronka gisara planteatu zuen herriko kirolaren eta jarduera fisikoaren azterketa orokorra eta plan estrategikoa egitea. Dagoeneko azterketa burutu da eta hurrengo astetik aurrera parte-hartze dinamikak hasiko dira plan estrategikoa garatzeko.
Hiru zergati nagusi aipa ditzakegu plan hau egiteari dagokionez:
Lehenik, kirolaren eta jarduera fisikoaren egoera orokorra ezagutzeko, udaleko eskaintzaz gain, herriko kirol-elkarteek, aisialdi-taldeek, jubilatu-taldeek… egiten dutena.
Bigarrenik, herriko kirol-panoraman agente aktibo izan daitezken elkarte eta norbanako guztiak saretzeko, denen behar eta proposamenak ezagutzeko.
Eta, azkenik, informazio guztia esku artean izanik eta herritarrak, erabiltzaileak, kirolariak prozesu guzti honen epizentro gisara ulertuta, etorkizunera begirako kirolaren plan estrategiko bat osatzeko, guztien proposamen eta ekarpenak kontutan hartuko dituena, eta gure herriko kirolak aurrerantzean eman beharreko pauso ezberdinak definituko dituena.
Horrela, bada, “Jolasteko eta jokatzeko” proiektu honen bitartez, hurrengo urteetako kirolaren bidea zuzentzea da helburua, bide hau herritar guztion artean nola egin daiteken, zein lehentasun dauden, azpiegiturak eta abar zehazteko.
Hori guztia burutzeko, ezinbestekoa da udalerriko herritarren parte-hartzea, kirola eta jarduera fisikoa praktikatzen dituztenen eta ez dituztenen iritzia jakitea, haien ekarpenen bitartez etorkizuna guztion artean eraikitzeko. Horrela, bada, parte-hartzezko dinamikak jarriko ditugu martxan datorren astetik aurrera.
Udalerriko kirolaren eta jarduera fisikoaren egungo egoera
Hori guztia lortzeko, datu-bilketa garrantzitsu bat egin da herriko eragileekin elkarlanean. Elkarrizketak eta bilerak egin dira herriko kirol, kultur eta aisialdi elkarteekin, adinekoekin bildu gara eta udaleko sail ezberdinetako teknikari eta zinegotziekin ere egon gara. Guztira, 30 bilera inguru egin dira.
Era berean, herritarren iritzia ezagutzeko eta Lasarte-Oriako bizilagunen ekarpenak jasotzeko, urriaren 26an, Ostadar kirol-elkarteak antolatzen duen “Lasarte-Oria Bai” krosa izan zen egunean, Okendo Plazan karpa bat jarri genuen. Bertan, herritarrekin hitz egiteko aukera izan genuen eta, horrela, haien iritzi eta proposamenak jaso ahal izan genituen.
Hiru hilabetez aritu gara elkarrizketak egiten, eta, karpako ekarpenekin batera, jasotako informazio honekin guztiarekin osatu dugu egungo Lasarte-Oriako kirolaren eta jarduera fisikoaren argazkia.
Informazio hori guztia eta azterketaren ondorio nagusiak dokumentu batean jaso ditugu
Azterketa eta diagnostikoa ikusi
Gaurtik aurrera, beraz, bigarren urratsari ekingo diogu: Udalak etorkizunean eduki beharreko helburuak eta lan-ildoak finkatzea dena, hain zuzen. Horretarako, 5 dinamika antolatu ditugu. Dinamika bakoitzean adin-talde zehatz bati bideratutako proposamenak landuko dira.
Azpimarratu nahiko genuke, dinamika bakoitza adin-talde zehatz bati bideratutako proposamenak lantzeko bada ere, ez dela dinamika bakoitza adin-talde horretako pertsonentzat soilik.
Dinamika guztiak arratsaldez, 18.30ean, KIROLDEGIKO BILERA-GELAN IZANGO DIRA:
- AZAROAK 19, ASTEAZKENA: 6-16 adin-tarteko eskaintzaren inguruko proposamenak.
- AZAROAK 24, ASTELEHENA: 17-30 adin-tarteko eskaintzaren inguruko proposamenak.
- AZAROAK 26, ASTEAZKENA: 31-65 adin-tarteko eskaintzaren inguruko proposamenak.
- ABENDUAK 1, ASTELEHENA: 65+ adin-tarteko eskaintzaren inguruko proposamenak.
Azterketaren emaitzak:
Modu orokor eta laburrean, azterketa honek eman dituen emaitza nagusiak honako hauek dira:
- Eskola-kirolari dagokionez, herrian eskaintza zabala dago eta partaidetza-maila altua da. Gaztetxoenen artean kirola eta jarduera fisikoa egiteko ohitura orokorra da, beraz.
- Euskara, kirolaren eta jarduera fisikoaren eremuan, zaintzen eta sustatzen den elementua da.
- Emakumezkoen presentzia kirolean, ordea, eskasa da. Indartu beharreko aspektua da hau datozen urteei begira.
- Eta, noski, kirol-instalazioen egoera kaxkarra da. Berrikuntzarik edo moldaketarik egiten ez bada eta erabiltzaileek gora egiten jarraitzen badute, arazo larriak sortuko dira datozen urteetan.
Azterketa eta diagnostikoa ikusi