Albisteak

Jangela ikastetxean bertan izango dute Garaikoetxeako ikasleak

2014-07-11 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Jangela propioa izateko eskaera aspaldikoa da, ikastolaren eta jangelaren artean kilometrotik gorako tartea dagoela argudiatuz. Gaur gaurkoz, jangela zerbitzua Mitxelingo kirol-gunean ematen da, Lasarte-Oriako Udalak Eusko Jaurlaritzari horretarako uzten dion eraikinean. Ikastolatik jangelarako joan-etorria autobusez egin behar da, horrek eragiten duen guztiarekin: ikasleak lekualdatzea, autobus zerbitzua eta autobuseko begiraleak kontratatzea, eta abar.

 

Jangelaren eskuduntza Jaurlaritzarena da, eta 2014-2015 jangela martxan izateko konpromisoa hartu dute. Lasarte-Oriako Udalak, prozesua azkartzeko eta aurrekontua osatzeko –Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak ez zuen % 100a estaltzen– proiektu teknikoa eta jangela eraikitzeko beharrezkoak diren zimendu lanak beregain hartu ditu Gipuzkoako Aldundiaren diru-laguntzaz.

 

Nerea Sanchez Udaleko Hirigintza, Ingurugiroa eta Osasuna saileko presidenteak aurreratu duenez, “momentu honetan proiektu teknikoa lantzen ari gara eta gure kalkuluen arabera, jangela 2014-15 ikasturte amaierarako amaitua egongo da”.

 

Herrialde nordikoak, eredu

 

Jangela berria gaur egungo auto aparkalekuan eraikiko da. Gutxi asko, 150 bat ikasleri jaten emateko lekua izango du –egunean bi txanda emango dira–. Jangelaz gain, office txiki bat, komunak eta begiraleentzako aldagela izango du. Sukalderik ez du izango, eta orain arte bezala janaria kanpoko enpresa batek eramango du.

 

Jangela berriak egitura berezia izango du, egurrezkoa eta aurrez ekoitzia. Pieza guztiak eginak ekarri eta bertan muntatuko dira. Mota horretako eraikuntzak herrialde nordikoetan oso ohikoak dira, eta oso aurreratuak daude hotzari eta beroari aurre egiteko. Egitura egurrezkoa izanik, jangeletan horren ohikoa den zarata akustikoa nabarmen gutxituko da.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna