Albisteak
Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko da
2016-06-07 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
“Basabizitzaren etorkizuna gure esku dago” lemapean, Lasarte-Oriak Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko du datorren astean, espezie inbaditzaileek gure herriari dakarkioten mehatxuaz kontzientziatzeko.
Jesús Zaballos alkateak eta, harekin batera, Agustín Valdivia ingurumeneko zinegotziak eta Artelatz enpresako arduradunek aurkeztu dituzte ekitaldiak, zeinen helburua izango baita espezie inbaditzaile nagusiak ezagutzera ematea eta haiei aurre egitea: sasiakazia, japoniar banbua, panpa-belarra, amerikar karramarroa eta Asiako liztor beltza, besteak beste.
Ekainaren 8an Kale Nagusiko 22.ean eta ekainaren 11n Okendo Plazaren ondoan, informazio-puntu bat instalatuko da karpa batean 9:30etik 13:30era bitartean, eta bi ingurumen-hezitzaile ariko dira atenditzen: bata espezie inbaditzaileei buruz, oro har, eta bestea gure herritarren artean hainbesteko kezka sortzen duen Asiako liztorrari buruz.
Informazio-material moduan, espezie inbaditzaileen gaineko informazio-liburuxka bat eskainiko da, zeinetan esplikatzen baita zer egin behar den halakorik ikusiz gero eta Udalak nola diharduen gai honetan, eta bideo baten bidez espezie inbaditzaileen arazoaren giltzarriak erakutsiko dira, batik bat landareei dagokienez.
Artelatzek proposatutako programak 7415 euroko kostua du.
Udalak hainbat inbertsio eta ekintza egiten ditu espezie horiek errotik kentzeko, eta 2016ko Aste Berdeko jardueren programaren bidez helburu hauek lortu nahi dira:
-
Kanpoko espezie inbaditzaileen arazoa herritarrei ezagutzera ematea.
-
Herritarrek udalerrian dauden kanpoko espezie inbaditzaileak ezagutu ahal izatea eta ekosistemetan duten inpaktuaz sentsibilizatzea.
-
Kanpoko espezie inbaditzaileen aurrean herritarrei nola jokatu jakiteko jarraibideak ematea.
-
Kanpoko espezie inbaditzaileen kontra udalak nola diharduen ezagutzera ematea.
Aste Berdea Europako ekimen bat da (Green Week), ingurumenarekin zerikusia duten esperientziak, iritziak eta jakintzak trukatzea bilatzen duena. Hori guztia, helburu argi batekin: herritarrak ingurumena zaindu beharraz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea. Aste Berdea ekainaren 5aren inguruan —Ingurumenaren Munduko Eguna— ospatzen da, eta Lasarte-Oriak bat egingo du Europako ehunka hiri eta eskualderekin, herritarrak ingurumena zaintzearen eta kontserbatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko jarduerak antolatuz.
Lema herriko arazora egokituz, ekosistema naturaletan kalteak eragiten ari diren espezie inbaditzaileen aurka ari gara lanean azken urteotan. Kanpoko espezie inbaditzaileak (KEI) lurralde edo ekosistema bateko berezkoak ez diren flora eta faunako espezieak dira, halako eran sartu eta bertakotu direnak non tokiko espezieak desplazatzen baitituzte, habitat naturalak eta prozesu ekologikoak aldarazten baitituzte, errotik kentzeko ahalegin handia eginarazten baitute eta galera handien eragileak baitira ekonomiaren sektore publiko eta pribatuetan (administrazioa, nekazaritza, abeltzaintza, erlezaintza...).
Inbasio biologiko horien kausa nagusiak gizakien ekintzak (salgaien garraioa, baso-ustiaketa eta lorezaintza, maskotak...) eta klimaren aldaketa dira. Euskadin kanpoko florako 478 espezie inbaditzaile katalogatu dira, horietatik 86k izaera inbaditzailea dutelarik, eta, kanpoko fauna inbaditzaileari dagokionez, 49 espezie identifikatu dira.
Lasarte-Oriako udalerrian aurkitzen ditugun espezie inbaditzaile nagusiak hauek dira:
-
Flora: Sasiakazia (Robinia pseudoacacia), japoniar banbua (Reynoutria edo Fallopia japonica), panpa-belarra (Cortaderia selloana), eta tximeleten zuhaixka (Buddleja davidii).
-
Fauna: Amerikar karramarroa (Procambarus clarkii) eta asiar liztorra (Vespa velutina).
Horiek guztiak daude hedatuak udalerrian barrena: florako espezieak gehienbat ibaiertzetan, orubeetan, berdeguneetan eta lorategietan, eta faunakoak Atsobakarko hezegunean (amerikar karramarroa) eta udalerri guztian ibaiaren eta erreken ingurumarietan (asiar liztorra).
Udala espezie horien ondorioak minimizatzera edo errotik kentzera zuzendutako interbentzioak egiten ari da. Asiar liztorrari dagokionez, Udalak hiru fasetan jarduten du, eguraldiaren eta urte-garaiaren arabera. Martxotik maiatzera habia primarioak bilatzen dira, lokalizatzen zailenak, eliminatzeko. Abuztutik irailera bitartean, hain ezaugarriak diren habia sekundarioak eraikitzean, izurrien kontrolean espezializatutako enpresa bati deituta ekiten zaie. Abenduan jarduketa bukatutzat ematen da, habiak utzi eta beste leku batzuetan babesten baitira. Orduan hutsik geratutako habiak eliminatu eta inbentarioa egiten da.
Ibai-karramarro amerikarrari dagokionez, oraindik ez dago espezie horren kontra faunaren gainerakoa larriki kaltetu gabe jardungo duen medio efikazik, eta, beraz, ezinezkoa da eliminatzea.
Flora inbaditzaileari dagokionez, lorezaintzako zerbitzuaren bidez ekintza puntualak egiten dira berdeguneetan, eta Foru Aldundiarekin batera jarduten da urteko kanpaina batean beste gune batzuetan.