Albisteak

Hitzarmenaren filosofiak Lasarte-Oria euskalduntzeko bidelaguna izaten jarraituko du

2016-01-28 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Udalak 2015-16 ikasturterako lankidetza hitzarmenak sinatu ditu euskalgintzako gizarte eragileekin

 

            Udalaren izenean, Jesús Zaballos alkateak eta Euskarako Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik hitzarmen hauen garrantzia azpimarratu zuten, bai jasotzen dituzten programen eta diru-laguntzen kopuruarengatik, baina, batez ere, hitzartutakoaren bidez eragile guztiek saretuta eta adostasunean lanean aritzeak suposatzen duenagatik.

            Hitzarmenaren filosofiak adierazten du Udalak, Ttakun kultur elkarteak eta lau ikastetxeek elkarrekin landu dituztela Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak. Ez da soilik programa batzuk egiteagatiko diru-laguntza emate soil bat. Hizkuntza normalizatzea gizarte-eraldaketa handi bat da eta horretarako erakunde publikoak eta gizarte-eragileak ahalik eta elkarlan estuenean aritzea funtsezkoa dela adierazi dute arduradun politikoek.

           

Ttakun

            Hitzarmen handiena, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria den Tomas Arrizabalaga jaunarekin sinatu zuen alkateak. Hitzartutako programak iazko hamarrak izan dira: Udako txokoak, Udako kanpaldiak, Gazte kluba, Kuadrillategi, Gazteen hizkuntza trebetasunak garatzen, Famili transmisioa, Solaskide solasbide, Erakundeak euskalduntzen, Bertso Eskola eta Txintxarri aldizkaria.

 

Guztira Ttakun Kultur Elkarteak 191.999,23 €-ko diru-laguntza jasoko du. Ttakun Kultur Elkartea arduratuko da programa horien guztien antolaketa osoa prestatzeaz, jasoleei informazioa ezagutarazteaz, behar diren langile guztiak kudeatzeaz, ebaluatzeaz eta diru-kontuak kudeatzeaz. Hitzarmenean jasota dago Ttakun Kultur Elkarteak diru-laguntza justifikatuko duela enpresa eskudun batek auditatuta.

 

Ikastetxeetako guraso-elkarteak

            Bestalde, Alkateak herriko lau ikastetxeetako Guraso Elkarteetako lehendakariekin ere hitzarmenak sinatu zituen, Sasoeta ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteko Pello Sanchez Cuesta lehendakariarekin eta Institutuko Kaxkarro guraso elkarteko Juan Jose Martín Gonzalez lehendakariarekin hitzarmen bana eta Landaberri ikastolako guraso elkarteko Miren Zaldua ordezkariarekin bi hitzarmen, bata lehen hezkuntzako ikastetxeko programekin eta bestea bigarren hezkuntzakoekin.

 

            Diruz lagundutako programen artean daude ikastetxeetako aldizkariak (Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi), pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa (gazte-hizkera lantzea helburu duena), Elemeleka programa (gazteen komunikazio-trebetasunak hobetzeko) edo Gu ere bertsotan programa bezalakoak.

 

            Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan eta bai dirutan, guztira lauen artean, 52.487,09 €ko aurrekontua suposatu dio Udalari.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna