Albisteak
Hitzarmenaren filosofiak Lasarte-Oria euskalduntzeko bidelaguna izaten jarraituko du
2014-07-04 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza
Udal ordezkariek hitzarmen hauen garrantzia azpimarratu dute, bai jasotzen dituzten programen eta diru-laguntzen kopuruarengatik, baina, batez ere, hitzartutakoaren bidez eragile guztiek saretuta eta adostasunean lanean aritzeak suposatzen duenagatik. Hizkuntza normalizatzea gizarte-eraldaketa handi bat da eta horretarako erakunde publikoak eta gizarte-eragileak ahalik eta elkarlan estuenean aritzea funtsezkoa dela adierazi dute.
Ttakun
Hitzarmen handiena, Ttakun Kultur Elkartearekin adostutakoa da. Hitzartutako programak hamar izan dira: Udako txokoak, Udako kanpaldiak, Gazte kluba, Kuadrillategi, Gazteen hizkuntza trebetasunak garatzen, Famili transmisioa, Solaskide solasbide, Erakundeak euskalduntzen, Bertso Eskola eta Txintxarri aldizkaria. Guztira, iaz bezala, 176.741,43 €-ko diru-laguntza adostu da.
Ikastetxeetako guraso-elkarteak
Sasoeta ikastetxeko Burunzperekin, Institutuko Kaxkarrorekin eta Landaberri ikastolako guraso elkartearekin ere hitzarmenak sinatu dira. Diruz lagundutako programen artean daude ikastetxeetako aldizkariak (Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi), pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, edo Gu ere bertsotan programa bezalakoak.
Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan eta bai dirutan, guztira lauen artean, iaz bezalatsu, 44.043,36 €ko aurrekontua suposatu dio Udalari.
Muntteri-AEK
Adostutako programa nagusia gurasoei eta langabetuei zuzendutako 100 orduko zazpi ikastaro ematea izango da. Horretaz gain, Askatu mingaina! programarako 1.750,00 €, Irakurzaletasuna sustatzeko programarako 750,00 € eta Autoikaskuntzako mintza-saioak laguntzeko 660,00 € jasoko dituztela. Guztira, 13.450,00 €ko diru-laguntza da hitzartutakoa.