Albisteak

Hazilan proiektua martxan

2016-03-16 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Garapenek Hazilan proiektua abiarazi du, Euskadiko gazteentzeko 5.000 enplegu sortzeko helburuarekin.

6.000.000 euroko apustua egin du Garapenek gazte enplegua sustatzeko. 2014-2020 aldirako Euskadiko Programa Operatiboan kokatzen da proiektua, eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du % 50ean, eskualde-garapeneko 20 agentziaren parte-hartzearekin.

 

Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea), proiektuko kide diren hogei garapen agentziekin batera, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean, Hazilan laneratze-proiektua jarri du abian, 2016-2021 aldian gazteentzako 5.000 enplegu sortzeko helburuarekin, eta esan beharra dago enplegu horietatik % 55 emakumeentzat izango direla. Langabezia-egoeran dauden 20 urtetik 35 urtera bitarteko gazte kualifikatuak (unibertsitateko edo LHko goi-mailako zikloko titulazioa) laneratzeko proiektua da Hazilan. Kolektibo horrek, prestakuntza-maila handia badu ere, zailtasun handiak ditu lan-merkatuan sartzeko, bere lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez duelako batetik, eta enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako bestetik. Hazilanen helburu nagusia laneratzea da, laguntza pertsonalizatuaren bitartez. HAZI proiektuari esker, garapen-agentziek etorkizuneko proiektuak dituzten enpresak zein diren jakingo dute, eta enplegu bat lortzeko behar dituzten baliabideak jarriko dituzte gazteen eskura, haien gaitasunak indartuz eta kudeatzen lagunduz.

 

Hazilanen lanak enpresen benetako premiak ditu abiapuntu. Urte hauetan garapen-agentziek egiaztatu dutenez, enpresek pertsona ekintzaile eta sortzaileak behar eta eskatzen dituzte, laguntza beharrik ez duten pertsonak, komunikatzen eta taldean lan egiten dakitenak eta beren zereginak espero diren helburu eta emaitzen arabera kudeatzeko gauza direnak. Konpetentzia eta gaitasun horiek guztiak ezinbestekoak dira, baina askotan ez dira ikastetxe bateko ikasgeletan eskuratzen. Hazilanek konpetentzia horiek jasotzeko bidea erraztu nahi du, lan-eremuko esperientzia zehatz baten bidez, edo enpresak garatu nahi duen proiektuarekin uztartuz.

 

Hazilanek metodologia berritzailea proposatzen du, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta parte-hartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara egokitua. Proiektua zenbait baliabidetan oinarritzen da. Lehen fase batean, pertsonen aktibazioa bilatzen da, eta jarraian, proiektuaren arabera, ikasketa espezializatuak egiten dira, praktikak gauzatzen dira, edo enpresa-proiektuetan parte hartzen da, honako ezaugarri hauekin:

 

Aktibatu: motibatzea, inplikatzea eta aktibatzea

HAZI programaren lehen faseari “Aktibatu” esaten zaio, eta pertsonengan motibazioa, erantzukizuna, helburuak kudeatzeko gaitasuna, komunikazioa eta abar sustatzea du xedetzat. Helburua pertsonak prestakuntza pertsonalizatu baten bitartez eta coach baten laguntzaren bitartez aktibatzea da; horretarako, alderdi psikologikoak eta emozionalak ez ezik, lanbide-garapena lortzeko behar diren konpetentziak ere landuko dira.

 

Lanekin: prestakuntza enpresan

Lanekin: enpresan prestakuntza eskaintzen da lanpostu jakin bat betetzeko, eta enpresako irakasle batek bere gain hartzen du irakasteko eta ikasitakoa ikuskatzeko ardura. Prestakuntzak 300 ordu inguru iraungo du.

 

Kokatu: praktikak enpresan

Kokatu: praktikak egiteko hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko egonaldiak gauzatu behar dira enpresetan, lanpostua eta lanbide-profila kontuan hartuta. Enpresak gidatzen du prozesu osoa, eta Hazilan proiektuko teknikari batek egiten du jarraipena.

 

Talentu Ihesa: enpresa-proiektuak

Talentu Ihesak lanbide-gaitasuna indartzen du enpresa-proiektuetan parte hartzeko aukera emanez. Proiektuak honako arlo hauekin lotuta egongo dira: nazioarteko merkataritza, berrikuntza eta dibertsifikazioa, teknologia berriak, eta abar. Hautatutako pertsonek errefortzu-prestakuntza (200 ordu) jasoko dute proiektuan sartu aurretik.

 

Hazilanek aukera berdintasunaren eta diskriminazio ezaren benetako integrazioa lortu nahi du, eta genero-berdintasuna bermatuko du. Horregatik ahaleginduko da aukera-berdintasunaren printzipioarekiko errespetua bermatzen, eta, aldi berean, genero-ikuspegiaren integrazioa eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena ziurtatzen. Lanpostuen % 55 emakumeentzat izango dira, eta horrekin lortu nahi dugu emakumeek lan-arlo eta -eremu jakin batzuetan duten presentzia txikiagoa konpentsatzea.

 

Programan parte hartu nahi duten enpresa edo gazte guztiek webgunean lor dezakete nahi duten informazio guztia : www.hazilan.eus

 

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan barrena banatutako 32 eskualde-agentzia biltzen ditu Garapenek. Garapen osatzen duten agentziek guztira 177 udalerriri ematen diete zerbitzua, 1.909.629 herritar eraginpean hartuta, eta hori Euskadiko biztanleria osoaren % 87 da. Gaur egun, honako jardun-eremu hauetan lan egiten du: enplegua., ekintzailetza, enpresa, merkataritzaren sustapena, turismoaren sustapena eta garapen-bidean dauden edo estrategikoak diren sektoreen sustapena.

 

3 helburu nagusi ditu Garapenek: Erakundeen arteko harremanak indartzea, ezagutza elkartrukatzea, eta EAEko garapen agentzien arteko lankidetza sustatzea. Izan ere, Hazilan bezalako proiektu bat martxan jarri ahal izateko ezinbestekoa da agentzien arteko lankidetza, eta Garapenek bide horretan laguntzen du. Lankidetza horren ondorio dugu Hazilan proiektua.

 

Hiru hamarkada daramatzagu enplegua sustatzen. Garapen agentziak Udalek sortutako tresnak dira enplegua eta gure inguruko enpresen garapen jasangarria sustatzeko. Hori da gure helburua. Gure eskualdeko langabetuen lan-txertatzea sustatzea da gure helburua.

 

Enpresa eta pertsonekin egiten dugu lan. Aurrez-aurreko harremana dugu langabetuekin, eta enpresekin. Langabetuen profila ezagutzen dugu lehen eskutik, eta baita enpresen profila ere.

 

Hortik aurrera ibilbide pertsonalizatuak diseinatzen ditugu lana sustatzeko eragile pribatu eta publikoen laguntzaz. Lurraldean parte hartzen duten eragileak, hain zuzen ere (prestakuntza zentroak, bazkide diren erakundeak, enpresak, unibertsitateak…).

 

Langabetuen artean gazte kualifikatuak, unibertsitate tituludunak edo goi mailako ikasketak dituztenak guretzat erronka nagusi dira. Gaur egun langabezi-tasa %14.36 da. Langabetu pertsona kopurua (2016ko urtarrila) 154.791koa da, eta hauetatik guztietaik 38.746, hau da, %25a 20 eta 35 urte bitarteko gazteak dira, eta hauetatik ia erdia gazte kualifikatuak dira.

 

Ohikoa denez, emakume eta gizonezkoen artean ezberdintasunak daude. %60a ia emakumeak dira. Garapenentzat erronka nagusia da gazte hauek Euskal Herrian bertan geratzea.

 

Honako hauek dira Garapenekin batera Hazilan programan parte hartzen duten agentziak: Amurrio Bidean, Añanako koadrila, Durangaldeko Behargintza, Egaz-Txorierriko Behargintza, Erandioko Behargintza, Inguralde, Lea-Artibaiko garapen-agentzia, Leioako Behargintza, Meatzaldeko Behargintza, Mungialdeko Behargintza, Uribe Kostako Behargintza, Andoaingo Udala, Debagoieneko Mankomunitatea, Debegesa, Iraurgi Lantzen, Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Uggasa, Urola Kostako Udal Elkartea eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza.

Hazilan proiektua ikusi

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna