Albisteak

Gipuzkoako bertsolari txapelketako saioa izango da igandean herrian

2015-09-24 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Igandean, irailak 27, arratsaldeko 17:30etan, jokatuko da Manuel Lekuona kultur etxean 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako hirugarren saioa.

 Bertsolariak Maider Arregi, Mikel Artola, Aitor Irastorza, Xabier Sukia, Beñat Lizaso eta Gorka Azkarate izango dira. Aurkezle-lanak, berriz, Iñaxio Usarraldek egingo ditu.

Gipuzkoako bertsozale elkarteak antolatzen duen txapelketaren saio hau bideratzeko, Udalaren eta Ttakuneko Earra! Bertso Eskolaren laguntza izan da.

Saiorako sarrera gehienak Internetez saldu badira ere, gelditzen diren sarrerak leihatilan izango dira salgai, 16:30etatik aurrera.

Ane Labaka eta Unai Muñoa

Gipuzkoako txapelketa honetan herriko bi bertsolarik kantatuko dute. Ane Labakak pasa den asteburuan kantatu zuen lehendabiziko final zortzirenetako saioan, Beasainen eta 2. postuan geratu zen 444 punturekin, Jon Maiaren atzetik. Zuzenean ez da sailkatu final laurdenetarako, baina puntuazioz sailkatzeko aukerak oso handiak ditu.

Unai Muñoak, berriz, hurrengo asteburuan, urriaren 3an, kantatuko du Elgoibarren jokatuko den laugarren kanporaketan.

Herriko bi bertsolariez gain, ordea, Lasarte-Oriako Earra! bertso-eskolako kide ere badiren Beñat Iguaran eta Asier Azpiroz ere parte-hartzen ari dira.

Gipuzkoako txapelketa honen gainean informazio gehiago nahi duenak (sarrerak erosteko, sailkapenak, hurrengo saioak…) www.bertsozale.eus helbidera jo dezake.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna