Albisteak

Garitanok, Aramburuk eta Artolak: “Entrenatzailea kirolariaren erreferentea da eta erabiltzen duen hizkuntzan ere bai!”

2015-12-03 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Texas lasartearrak, Intzak, LOKE-k, Ostadarrek, Burunzpek, Kaxkarrok eta Landaberrik entrenamenduetan euskara gero eta gehiago erabiltzeko plan bana sinatu dute Udalarekin.
 

 Manuel Lekuona kulturetxearen hitzaldi-aretoa ia beteta zegoela eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, asteazkenean, mahai-inguru oso interesgarria ikusi ahal izan zuten bertaratutako guztiek. Jesus Zaballos alkatea eta Euskara Batzordeko lehendakaria Jon Antxordoki bertan zirelarik, Xabier Usabiaga kazetariak Gaizka Garitano futbol entrenatzailea, Iratxe Aranburu korrikalari ohia eta lehen mailako Iñaki Artola pilotaria elkarrizketatu zituen.

 

 Jendartean zeuden zenbait entrenatzaileren parte-hartzeak bizituta, hiru kirolarien kirol esperientziak ezagutu ahal izan ziren eta bakoitzaren kirol ibilbidean entrenatzaileek izan duen garrantzia azpimarratu zuten hirurek, indartsu eta ozen.

 

 Elitean eta lehiakortasun handienean ibilitako eta dabiltzan kirolarien ahotik entzun ahal izan zen pertsona ororen heziketarako kirola oso tresna indartsua dela, eta garrantzitsua dela ondo erabiltzea. Alegia, pertsona bezala osatzeko eta baloreetan hezteko dela kirola garrantzitsua eta horretan zentratu behar direla ahaleginak. Eta ondoren, norbaitzuk, beti gutxi izango diren batzuk, elite mailara iristen badira, ondo, baina ez hori helburu jarrita hasiera-hasieratik.

 

 Zeregin horretan gurasoen papera ere azpimarratu zuten. Haur eta gazteak kirola egitera sustatzea balioan jarriz, baina presiorik sartu gabe eta entrenatzaileari bere lana egiten utziz.

 

 Benetan balorean jarri zutena, ordea, entrenatzaileen lana izan zen. Hiruren kasuan hala izan zen modura, gaur egun ere, seme-alabak dituztenen kasuan ikusi ohi duten modura, entrenatzailea oso-oso garrantzitsua da kirolarientzat. Gazteen euren erreferente nagusietako bat da entrenatzailea, giza balore askotan eta euskara noiz, zertarako, norekin, nola… erabiltzen duen horretan ere bai.

 

 Gaizka Garitanok azpimarratu zuen entrenatzaileak gobernatzen duela kirolarien taldea eta entrenamendua. Eta horren barruan sartzen dela entrenamendu eta talde horren hizkuntza gobernatzea ere. Michelingo futbol zelaitik pasa zela mahai-ingurura etorri aurretik eta gaztelaniaz ari zirela bai kirolariak eta bai entrenatzailea eta hori iraultzera animatu zituen bertaratuak.

 

 Iratxe Aranburuk, berriz, kirol entrenatzailearen hizkuntza-praktikaren garrantzia beste ikuspegi batetik azpimarratu zuen. Izan ere, gazteentzat, eskolan D ereduan ikastea ondo dago eta ezinbesteko oinarri bat da pertsona bezala osatzeko. Eskolaz kanpo, ordea, nagusiki kirolean, gazteak gusturen egiten duten jarduera horretan euskaraz aritzea beraien bizi-esperientzia atseginenak euskararekin uztartzea giltza nagusia dela gogorarazi zuen.

 

Kirola egiterakoan, arlo informalean gabiltza esan zuen, eta hor sentimendu asko mugitzen dira eta hizkera informal hori bakoitzak euskaraz bizitzea, gorpuztea, baloreetan heztearen kontzeptuarekin bete-betean egiten du bat.

 

 Iñaki Artolak kluben, komunikabideen eta gainerako erakundeen hizkuntza-irizpideen papera azpimarratu zuen eta hor ere ematen ari diren zenbait urratsen berri eman zuen. Edozein kasutan, hirurek bat egin zuten bakoitzak bere tokitik, eta bereziki entrenatzaileak beretik, pausu txikiak ematearen balioa goraipatzerako orduan eta hala egitera animatu zituzten bertaratuko guztiak.

 

 Mahai-inguruaren amaieran, Xabier Usabiagak Jon Antxordoki deitu zuen mahaira eta honek elkarteekin sinatzera zihoazen hitzarmenetan jasota dauden ekintza zehatz baten berri eman zuen. Hain zuzen ere, herrian bertan, Ttakun Kultur Elkarteak sortu duen “Entrenatzaileek asko egin dezakete” saioen berri eman zuen eta bere esperantza azaldu zuen metodologia horrekin kirol entrenatzaileak linguistikoki entrenatu egingo zituztela eta horrela gero eta ohikoagoa izango zela entrenamenduak euskaraz egitea.

 

 Segidan, Ostadar, Texas Lasartearra, LOKE eta Intza kirol elkarteetako eta Landaberri, Burunzpe eta Kaxkarro guraso-elkarteetako ordezkariek 2015-16 ikasturte honetan egingo dituzten ekintzak jasotzen dituen dokumentua sinatu zuten.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna