Albisteak
Euskarazko produktuen katalogoa banatu du etxez etxe Udaleko euskara batzordeak
2015-12-11 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza
Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute Euskal Herriko 140 bat udal eta mankomunitatetako euskara batzordek, tartean Lasarte-Oriakoak.
Gurasoentzako eta 12 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek.
Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zazpi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, DVD filmak, jostailu eta jokoak,, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.
Paperekoaz gain, www.katalogoa.eus webgunea berrituta aurkituko duzu: mugikor eta tabletetara egokitua, diseinu berritzailearekin eta beste hainbat osagai interesgarrirekin, Paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen beste asko agertzen dira. Idazle, musikari, filmagileekin egindako elkarrizketak, haien inguruko albisteak, nobedadeak, iritziak, ikusi eta irakurtzeko aukera izango duzu webgune berrituan. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko.
Urte osoan bizirik eta eguneratua dagoen gunea da www.katalogoa.eus, argitaletxeek berek aukera baitute produktu berriak zuzenean sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko. Hartara, webgunea urte osoan kontsulta daiteke, eta informazio berria eta interesgarria aurki daiteke bertan. Produktuen bilaketa azkarra egiteko aukera ere baduzu, adinaren, prezioaren nahiz beste ezaugarri batzuen arabera merkatuan dauden produktuak aurkitzeko.
Paperezko edizioari dagokionez, aurten 120.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan.