Albisteak
Euskararen 9. Maratoia 40 eguneko erronka berri bati hasiera emateko
2016-05-13 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza
Urriaren 22an eta 23an ospatuko da eta lasarte-oriatarrak hizkuntzaren armairutik irtetera gonbidatzen ditu. Herritarrei lotsa kendu eta euskara erabiltzera animatuko ditu.
Lasarte-Oriako elkarte ezberdinetako ordezkariez gain, Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izan ziren asteazkenean Euskararen 9. Maratoiaren aurkezpenean. Jesus Zaballos alkateak eta Jon Antxordoki Euskara Batzorde buruak Lasarte-Orian aurten euskalgintzaren barruan urteurrena ospatzen duten elkarte eta erakundeak zoriondu zituzten. Ttakun Kultur Elkartea eta bertso-eskola 25 urte betetzen dituztelako eta bereziki Landaberri ikastola, bere 50. urteurrenagatik.
Alkateak gainera herritarrak zoriondu zituen, “denon artean bide zail bezain polita, eredugarria ere bai esango nuke, egiten ari gara. Gure hizkuntza gure artean ulertzeko hizkuntza baita gero eta gehiago, eta pixkanaka-pixkanaka elkarrekin bizitzeko hizkuntza ere egiten ari baikara”.
Antxordoki jaunak “erreferentzia bat bihurtu da Lasarte-Oria Euskal Herri osoko euskalgintzaren barruan” azpimarratu zuen.
Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakariak aurtengo maratoiaren ezaugarrien berri eman zuen eta herritarrak euskara erabiltzera animatu zituen..
'Irten armairutik'
Aurtengo leloa 'Irten armairutik' eta irudia armairu aurkeztu zituen Naiara Mujika Ttakuneko kultura arduradunak. "Oraindik ere bada gure egunerokotasunean lortu beharreko erronka bat, ezagutzatik erabilerara salto egitearena. Nahiz eta gero eta lasarte-oriatar gehiago garen euskara ezagutzen dugunok, oraindik ere ez gara hainbeste ohituraz euskaraz aritzen garenak," azaldu zuen.
Maratoia sarean
Hau guztiaz gain, aurkezpenean aipatu zutenez, webgune berritua ere martxan dago. Bertan 9. Maratoiko informazio guztia txertatzen joango dira, baita izena emateak ere. Sare sozialetan ere jarraitu ahalko da Euskararen Maratoiko atzerako kontua.
Erronka berria
Eta hau guztia gutxi ez balitz, Euskararen Maratoiko 40 orduak gaindituta, euskalgintza osoak herriari erronka berri bat botako diola jakinarazi zuten, 40 egun euskaraz. EHUko irakaslea den Pello Jauregik erronka azaldu zuen, aldi berean pertsonala eta kolektiboa izango zela azalduz. Gainera, erronka beteko den ala ez neurtu eta parte hartuko dutenengan zein ondorio linguistiko izango dituen ere ikertuko du Jauregi jaunak.
Ikerketa hori Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuko du eta Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaritzako Joxean Amundarain teknikariak azpimarratu zuen Lasarte-Orian euskararen alde lan handia egiten dela. Urte hauetan guztietan, Udal Euskara Batzorde edo Ttakun kultur elkartea hainbat proiektutan bidelagun izan dituztela ere jakitera eman zuen eta Udaleko Euskara Zerbitzuak proiektu berri hau aurkeztean dudarik gabe babestuko zutela erabaki zutela.
Maratoiko zortzikotea
Hau guztiaz gain, 40 orduetan dinamizazio lanak egingo dituen zortzikotea ere jakitera eman zen noski. Joxe Mari Azkonobieta, Agus Mujika, Joxe Mari Agirretxe, Rebeka Garzes, Estitxu Garmendia, Mikel Izquierdo, Enara Ieregi eta Oihana Fu Otaegi izango dira oholtza gainean izango diren herritarrak.
Zortzikoteak aurtengo abestia eta bideoklipa aurkeztu zuen. Herriko pailazoen 'Egiozu euskaraz' abestia da. Pailazoek Maratoiari utzi eta zortzikoteak abestu eta dantzatuko du 40 orduetan zehar aurreko maratoietako abestiekin batera. Bideoklipean egunero suertatu daitezkeen egoerak ikusten dira.
Abestiari esker, ekitaldira hurbildu ziren guztiak dantza jarri zituen zortzikoteak. Era honetara, amaiera emango zitzaion aurkezpenari.