Albisteak

Euskaraldiaren hasiera arrakastasua

2018-05-29 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Hamaikakoak joan den ostiralean aurkeztu zuen “Izan puntu” ekimena, abesti eta guzti, Okendon seirehun bat lagunen aurrean. Udalarekin batera, herriko ia eragile guztiak bertan izan ziren eta ahalik eta Ahobizi eta Belarriprest gehien biltzeko prozesuan parte hartuko dute.

Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzea bilatuko duen «ariketa sozial» bat da, Euskal Herri osoan zehar aurrera eramango dena datorren azaroaren 23a eta abenduaren 3a bitartean. Dagoeneko 350 dira izena emana duten zazpi probientzietako herriak. Horietako bat, jakina, Lasarte-Oria da. Baina kontu hau ez da ezezaguna gure herriko biztanleentzat. Duela urte eta erdi ospatu zen azken Euskararen Maratoiaren inguruan, ariketa bera egin baitzen, orduan Lasarte-Orian bakarrik. Beraz, harrokeriarik gabe, baina bai harrotasunez esan zen ostiralean, gurean, 'Irten armairutik' lelopean eginiko ariketa hark izan zuen arrakasta eta eraginaren ondorioz, ariketa beretsua Euskal Herri osora zabaltzea erabaki dute han eta hemengo hainbat eta hainbat udal, gobernu eta euskararen aldeko gizarte mugimenduk.

Ahobizi edo Belarriprest hamasei urtetik gorako edonori dago zuzendua Euskaraldia, eta parte hartzeko baldintza bakarra da, gutxienez, euskarazko elkarrizketa arrunt bat ulertzeko gai izatea. Ariketa hasi baino egun batzuk lehenago, izena eman duten guztiei txapa bana helaraziko zaie, hamaika egun horietan zehar agerian eraman beharko dutena. Txapa horren arabera, ahobizi gisa arituko direnei eskatuko zaiena da ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egitea, eta ulertzeko gai direnei euskaraz jardutea, nahiz eta besteak erdaraz erantzun. Belarriprest direnen ardura, berriz, izango da «nahi duen orok niri euskaraz egin diezadala, ulertu, ulertzen baitut, nahiz eta, agian, erdaraz erantzungo dizudan, zuk niri euskaraz egitea nahi dut-eta».

 

Izan puntu!

Lasarte-Oriako hamaikakoa, Euskararen Maratoiko zortzikoteko kideetatik zazpikin abiatu eta hamaikakoa osatzeko beste lau herritar gehitu zaizkie: Fati Serrano, Koro Dominguez, Xabi Carril eta Larraitz Izagirre. Aurkezpenean esandakoan arabera, beraien ingurunean hizkuntz-ohiturei astindu berri bat emateko gogo biziz.

Bertaratutakoei diptikoak banatu eta gero, etxaferuak eztanda egin zuen, musika eta dantza artean. Ane Labakaren hitzak eta Enara Yeregiren koreografia dituen abesti berria ere aurkeztu zuten. Era berean, ondo baino hobeto ikusi ahal izan genuen gure herriko Euskaraldiak izena duela: 'Izan puntu'. Eta horrela amaitu zen hasiera.

Aurrerago izen ematea digitalki ere egin ahal izango da. Momentuz, izena emateko diptikoak Ttakunen eta Udaleko euskara-zerbitzuan daude.

(argazkia Txintxarri)

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna