Albisteak
Etxegintza suspertzeko hitzarmena Zabaleta Berri S.L. enpresarekin
2016-12-22 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udalak eta Zabaleta Berri S.L. enpresak, lur-sailen jabe dena, hitzarmen bat sinatu dute, Zabaleta Berrin prezio tasatuko 52 etxebizitza eraikitzeko obrei ekiteko aukera emango duena. Hitzarmenean jasota gelditzen da 2017an frontoi berria bukatura egon beharko duela.
Jesus Zaballos alkateak, Udalaren ordezkari gisa, eta Diego Ruiz, Zabaleta Berri S.L. enpresaren ordezkari gisa, gaur goizean sinatu dute Goiegiko Ibarran prezio tasatuko 52 etxebizitza eraikitzeko obrei ekiteko aukera emango duen hitzarmena.
Etxebizitzen baldintzak aldatuko ditu hitzarmenak, haien prezioa merkatuaren errealitate berrira egokituz eta lasarteoriatarren mesederako. BOE baten balioaren halako biren prezioa izango dute gehienez etxebizitzek. Nolanahi ere, lehenengo hiru hiletan, Lasarte-Orian erroldaturiko pertsonek aukera izango dute etxebizitza horiek BOE baten prezioaren halako 1,7ko prezioan eskuratzeko.
8 urtetan zehar, etxebizitza hauek gehienezko prezio tasatuari eutsiko diote. Epe horri hasiera emango zaio lehenengo okupazioko lizentzia ematearekin batera. Epe horretan, Lasarte-Oriako Udalak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea izango du, beraz, etxebizitza saldu nahi duen jabeak Udalari eskaini beharko dio lehenengo, erositako prezioan gehi une horretan aplikagarri den KPIren gehikuntza.
Udalak salerosketaren kontrola gauzatu ahal izango du egokien deritzon moduan, kasua denean kontratuak edo etxebizitzak eskuratu ahal izateko prozesua eskatuz.
Zabaleta Berri S.L. enpresak, bere aldetik, UG3 eta UG4 kudeaketa unitateak zein frontoiari dagokien urbanizazioa 2017rako exekutatzeko konpromisoa hartzen du, UG5 2019rako geratzen delarik.
Etxebizitzen merkaturatzea lau fasetan egingo da, 7, 15, 15 eta 15 etxebizitza bakoitzean. Hitzarmen Urbanistiko hau udalbatzarrean onartu izana jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, Zabaleta Berrik salgai jarri beharko ditu merkatuan Lehenengo Faseari dagozkion etxebizitzak, haien mota, superfiziea eta prezioen inguruko informazioa emanez Udalari..
Hitzarmen hau onartu izana jakinarazi eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, promotoreak epe bat zabalduko du itunpeko etxebizitzak eskuratzeko aukera izateko eskabide-orriak aurkezteko. Behin epe hori bukatuta, udalera bidaliko du eskatzaileen behin-behineko zerrenda, eskatutako errolda-betebeharra bete dela egiaztatzen aldera.
Eskaera egiteko epea, gutxienez, hiru hilabetekoa izango da, fase bakoitzeko etxebizitzak salgai jartzen direnetik hasita. Eskatzaileen zerrenda eskainitako itunpeko etxebizitzen kopurua baino handiagoa den kasuan, etxebizitzen adjudikazioa notario aurreko zozketa bidez egingo da udal bulegoetan. Ordea, eskatzaileen zerrenda eskainitako etxebizitzen kopurua baino txikiagoa bada, izen-emate ordenaren arabera adjudikatuko dira etxebizitzak.
Kasu batean zein bestean, bi zerrenda egingo dira, bata Lasarte-Orian erroldatuta daudela egiaztatzen duten pertsonez osatua, eta bestea, izena emandako gainerakoekin. Bi zerrenda hauen artean, Lasarte-Orian erroldatuta daudenez osatuak izango du lehentasuna etxebizitzak adjudikatzerakoan.
Lehenengo faseko etxebizitzen eraikuntza abian jarriko da, kontratuz bidezko %80aren salmenta lortzen denean. Hurrengo faseak merkaturatuko dira lehenengo zein bigarren faseetako kontratuz bidezko %80aren salmenta lortzen denean. Horretarako, komertzializatzeko prozedura jarriko da abian eraikuntzarekin hasteko behar den gutxiengoa lortzeko.