Albisteak

Etxegintza suspertzeko hitzarmena Neinor Norterekin

2016-07-08 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Udalak eta Neinor Norte, S.A.k, lur-sailen jabe denak, hitzarmen bat sinatu dute, Goiegiko Ibarran prezio tasatuko 72 etxebizitza eraikitzeko obrei ekiteko aukera emango duena. Izena emateko epea irailaren 30a da.

Jesus Zaballos alkateak, Udalaren ordezkari gisa, eta Rafael Olabarrik, Neinor Norteren ordezkari gisa, gaur goizean sinatu dute aurreko jabearen ordainketa-etenaren ondoren eremu honetako garapenaren geldialdi-etapari eta aurreko gobernuaren ekintza ezari amaiera emango dion hitzarmena. Hirigintzako zinegotzi Agustin Valdivia eta eraikuntza enpresako Iñigo Ibarra ere bertan ziren.

Etxebizitzen baldintzak aldatuko ditu hitzarmenak, haien prezioa merkatuaren errealitate berrira egokituz eta lasarteoriatarren mesederako. BOE baten balioaren halako biren prezioa izango dute gehienez etxebizitzek. Nolanahi ere, lehenengo hiru hiletan, Lasarte-Orian erroldaturiko pertsonek aukera izango dute etxebizitza horiek BOE baten prezioaren halako 1,7ko prezioan eskuratzeko. Promozioan parte hartu nahi dutenek Maite Betelu Gestoriara jo behar dute.

8 urtean zehar, etxebizitza hauek gehienezko prezio tasatuari eutsiko diote. Epe horretan zehar, Lasarte-Oriako Udalak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea izango du, beraz, etxebizitza saldu nahi duen jabeak Udalari eskaini beharko dio lehenengo, erositako prezioan gehi une horretan aplikagarri den KPIren gehikuntza.

Udalak salerosketaren kontrola gauzatu ahal izango du egokien deritzon moduan, kasua denean kontratuak edo etxebizitzak eskuratu ahal izateko prozesua eskatuz.

NEINOR NORTE eraikuntza enpresak, bere aldetik, konpromisoa hartzen du Goiegiko Ibarra Urbanizatzeko Proiektuaren II. FASEAri dagozkion urbanizazio lanak erabat gauzatzeko. 1-3 logelakoak izango dira etxebizitzak, eta bi ibilgailurentzako garajea izango dute. Materialen kalitatea, promotorak etxebizitza libreetan erabiltzen dituenen bera izango da.

Bizitegi-partzelak kokatuta dauden eremuko aldapa pikoak direla eta, urbanizatzeko obrak progresiboki gauzatuko dira, partzeletako eraikitze-obrekin batera, 4 azpifaseetan.

Neinor Nortek konpromisoa hartzen du hilabeteko epean, hitzarmen hau onartu eta Eskualdeko  Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, Hirigintzako Jarduketa Plan bat aurkezteko, azpifaseak exekutatzeko aurreikusitako egutegi zehatza izango duena.

Lasarte-Oriako Udalak konpromisoa hartzen du aldaketa hori behin betiko tramitatzeko eta onartzeko, aurkezten denetik hasi eta 3 hilabeteko epean, baldin eta hemen adostutakoarekin eta aplikatzekoak diren arauekin bat badator.

Ezinbesteko baldintza izango da A.I.U. “A34 Goiegiko Ibarra” urbanizatzeko proiektuan jasotako kirol-hornidurak, urbanizatzeko obren II-A azpifasearekin batera exekutatzea.

Era berean, derrigorrezkoa izango da azpifase bakoitza behin-behinean bukatzea eta jasotzea zerbitzua ematen zaien eta azpifase horiek osatzen dituzten eraikuntzen lehen mailako okupazio-lizentzia eskuratzeko.

Etxebizitzen merkaturatzea 36na etxebizitzako bi fasetan egingo da. HItzarmen Urbanistiko hau udalbatzarrean onartu izana jakinarazi eta  hiru hilabeteko epean, Neinor Nortek salgai jarri beharko ditu merkatuan Lehenengo Faseari dagozkion etxebizitzak.

Hitzarmen hau onartu izana jakinarazi eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, promotoreak epe bat zabalduko du itunpeko etxebizitzak eskuratzeko aukera izateko eskabide-orriak aurkezteko. Behin epe hori bukatuta, udalera bidaliko du eskatzaileen behin-behineko zerrenda, eskatutako errolda-betebeharra bete dela egiaztatzen aldera.

Eskaera egiteko epea, gutxienez, hiru hilabetekoa izango da, fase bakoitzeko etxebizitzak salgai jartzen direnetik hasita. Eskatzaileen zerrenda eskainitako itunpeko etxebizitzen kopurua baino handiagoa den kasuan, etxebizitzen adjudikazioa notario aurreko zozketa bidez egingo da udal bulegoetan. Ordea, eskatzaileen zerrenda eskainitako etxebizitzen kopurua baino txikiagoa bada, izen-emate ordenaren arabera adjudikatuko dira etxebizitzak.

Kasu batean zein bestean, bi zerrenda egingo dira, bata Lasarte-Orian erroldatuta daudela akreditatzen duten pertsonez osatua, eta bestea, izena emandako gainerakoekin. Bi zerrenda hauen artean, Lasarte-Orian erroldatuta daudenez osatuak izango du lehentasuna etxebizitzak adjudikatzerakoan.

Lehenengo faseko etxebizitzen %80 kontratu bidez saldutakoan jarriko da merkatuan bigarren fasea.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Maite Betelu Gestoriara jo dezakezu edo www.neinorhomes.com webean sar zaitezke, promozioa hobeto ezagutzeko.

 

Hitzarmena ikusi

Planoa

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna