Albisteak
Etxebizitza Sailak bizigune espezifiko bat jarri du abian, alokairu sozialerako udal-etxebizitzak lortzeko
2018-03-14 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta Lasarte-Oriako alkate Jesús Zaballosek hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean. Horren bidez, udalerri horrek 16 etxebizitza lagako dizkio Alokabideri, alokairu sozialera bideratzeko. Hortaz, Lasarte-Oria da ‘udal-bizigunearen’ ekimenarekin bat egin duen Euskadiko lehen herria. Udal-bizigunea Etxebizitza Sailak abian jarri duen programa espezifiko bat da, eta udal-titulartasunpeko etxebizitzak lortzea eta etxebizitza horiek alokairuaren merkatu librea baliatu ezin duten pertsona guztien eskura jartzea du helburu.
Euskadiko udal askok udal-titulartasunpeko etxebizitzak dituzte, eta haietako asko hutsik, beste helburu batzuetarako gordeta edota alokairu-programetara bideratuta daude. Adibidez, hainbat udalen jabetzakoak diren 150 etxebizitzak Alokabiderekin lankidetzan premiak dituzten pertsonei alokatzen zaizkien hirugarrenen etxebizitzen parkea osatzen dute. Kasu horretan, udalek ezartzen dituzte eskuratzeko baldintzak, esleipendunen zerrenda eta ordaindu beharreko errenta. Aldi berean, errentamenduaren kostuaren eta arriskuaren zatirik handiena beren gain hartzen dute.
‘Udal-bizigunea’ abian jartzean, Etxebizitza Saila eta, zehazki, Alokabide arduratuko da alokairuaren alderdi guztiez (maila teknikoan zein maizterrekiko tratuari dagokionez), esleipendunen zerrendaz eta esleitzeko prozeduraz, errentak kalkulatu eta kobratzeaz, zerbitzuen kontratazioez, gorabeherak konpontzeaz eta etxebizitzaren mantentzeaz eta kontserbazio-egoeraz.
Horrek guztiak kudeaketa erraztuko die udalei. Gainera, udalerrian erroldatuta egoteko baldintza ezarri ahal izango dute etxebizitzak lortu ahal izateko (gutxieneko erroldatze-denbora hiru urte izango da gehienez). Baldintza hori Bizigune programan eta Etxebiden finkatuta dauden eta Etxebizitza Sailak alokairu sozialeko etxebizitza bat lortzeko eskatzen dituen baldintza ekonomikoei, sozialei eta antzinatasun-arlokoei gaineratuko zaie. ‘Udal-bizigunean’, lagapena 6 urteko aldi baterako egingo da, luzatzeko aukerarekin, eta udalek hileko errentamendu-kanon bat jasoko dute, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programari atxikitako partikularrek jasotzen dutenaren antzekoa (hilean 600 euro gehienez).
Arriola sailburuak erakundeen arteko lankidetzak eta ahaleginak batzeak gizarte-eskaririk premiazkoenetako bati (hots, etxebizitza duin bat lortzeko eskariari) erantzuteko duten balioa azpimarratu du, eta, adierazi duenez, espero du “gaur Lasarte-Oriako Udalarekin sinatu dugun akordioa zabaltzea eta Euskadiko beste udalerri batzuentzat eredu izatea”.
Gaineratu duenez, “etxebizitza hutsak dituzten udalak eta dagoeneko etxebizitza horiek udal-eremuan kudeatzen dituztenak animatu nahi ditut Alokabideren eta Etxebizitza Sailaren esperientzian eta kudeaketa egokian konfiantza izatera eta Euskadiko herritar guztiek etxebizitza izateko helburua duen ‘udal-bizigunea’ programarekin bat egitera”. Halaber, adierazi du ez dela ulergarria titulartasun publikoko etxebizitza hutsak egotea, Euskadin etxebizitza lortzeko aukerarik ez duten pertsona asko daudela kontuan hartuta.
Etxebizitza Sailak alokairuko 12.523 etxebizitza kudeatzen ditu Alokabide sozietate publikoaren bitartez: 4.169 Alokabideren jabetzakoak dira, 3.306 Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak, 4.639 Bizigune programakoak, 260 ASAP programakoak, eta 149 hainbat udalen jabetzakoak.
Bestalde, Lasarte-Oriako alkateak adierazi du sinatu den akordioarengatik oso pozik dagoela; izan ere, herritarren zerbitzura egon behar diren udalaren jabetzako etxebizitza batzuk Lasarte-Oriako herritarren eskura jartzea ahalbidetzen du. Zaballosek nabarmendu du “Udal Bizigune” berri honek udalak etorkizunean eskuragarri izango dituen etxebizitzak Lasarte-Oriako herritarren eskura jartzea ahalbidetuko duela modu arin, garden eta azkarrean, hala nola Zabaleta-Berrin jasoko dituen 14 BOE etxebizitzak. Sailburuari eskertu dio sailak udalerri txikiekin duen sentsibilizazioa, udal etxebizitzen alokairua kudeatzeko aukera eman baitio, egitura garestirik izan gabe.
16 etxebizitza Lasarte-Orian
Lasarte-Oriako Udalak lagatako udal-titulartasunpeko 16 etxebizitzak Alokabidek kudeatuko ditu, eta Etxebideren erregistroan alokairuko etxebizitzen eskatzaile gisa inskribatuta dauden eta Lasarte-Orian gutxienez duela hiru urtez geroztik erroldatuta dauden pertsonei alokatuko zaizkie.
7 etxebizitzak hiru logela dituzte, etxebizitza batek bi logela ditu, eta gainerako 8ek logela bat dute. Errentariek ordaindu beharreko urteko errentak ez du inoiz gaindituko errentamendu-kontratuaren titularren urteko diru-sarrera haztatuen % 30.
Gaur egun, Lasarte-Orian erroldatutako 607 pertsona daude Etxebiden inskribatuta, eta, haietatik, 432k alokairuko etxebizitzak eskatzen dituzte.