Albisteak
Errenta aitorpena euskaraz
2016-05-23 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza
Batu eta gehitu etekina
Errenta aitorpena egiteak etekina ekartzen dio gure gizarteari, diru horrekin hainbat zerbitzu bermatzen ditugulako, baina, gainera euskaraz egiten badugu, beste etekina ere gehitzen diogu: gure hizkuntza eta hizkuntza hori erabiltzen dutenak indartzen ditugu.
Buruntzaldeko Udaletako euskara-zerbitzuek urteak daramatzate data hauen inguruan hiritarrak animatzen errenta aitorpena euskaraz egin dezaten, eta datuek erakusten digute poliki-poliki bada ere, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua gora doala gure eskualdean.
NOLA EGIN AITORPENA EUSKARAZ?
Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude eta guztietan erabil daiteke euskara:
1. Mekanizatua
Apirilaren 15etik ekainaren 6ra har dezakezu hitzordua, hartzeko garaian adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula. Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz eta telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu. Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.
2. Autolikidazio proposamena
Apirilaren 11tik ekainaren 25era da onartzeko epea. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
3. Internet bidezkoa
Aitorpenak aurkezteko epea apirilaren 18tik ekainaren 25era da. Internet bidez eginez gero, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.
Aholkularitza baten bidez egiten baduzu, adieraz iezaiozu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
Informazio gehiago behar izanez gero http://www.buruntzaldea.eus/ webgunean eta eskualdeko Euskara Zerbitzuetan eskuragarri.