Albisteak
Arduradun politikoak Euskararen Bidegorrian
2014-04-03 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza
Orain bi aste jakinarazi zuen bezala, Udalak herritarrei hitza ematen die, herritarrei gonbita egiten die, edozein dela ere Udalean egin behar edo nahi duten hura, euskaraz egin dezaten lehenengo hitz hori. Izan ere, esaerak dion modura, lehenengo hitza da giltza.
Udal langilea denean hitza hartzen duena, euskaraz egingo dio lehenengo hitz hori herritarrari eta herritarrak aukeratuko du bigarren hitz horretatik aurrera nola egingo duen. Hori horrela bideratu ahal izateko, Udalean jendaurrean dauden langileak trebatu ditu Udalak, bertaratzen diren herritarrei tratu on bat emateko, besteak beste, euskara lehenetsi eta herritarrak nahi duen hizkuntzan zerbitzatuz.
Langileak prestatzeaz gain, beste hainbat komunikazio-tresna ere erabiliko ditu Udalak herritar guztiengana iristeko. Adibidez, udaletxeko sarreran, erregistroan, enara bat (kartel gisako bat) jarri du. Eraikin guztietako leihatiletan eta jendaurreko langileen mahai gainetan peanak egongo dira herritarrak lehenengo hitza euskaraz egin dezan gonbidatuz.
Eta Euskararen Bidegorria zer den modua atseginago batean komunikatzeko, bideo bat ere prestatu du: