Albisteak
Animaliak edukitzeko eta babesteko Udal Ordenantzaren inguruko bilera berri bat egingo da hurrengo azaroaren 13an
2013-11-06 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Osasuna eta Ingurumena
“Auzoz auzo” parte-hartze egitasmoan garbiketaren inguruan jaso ziren kexa guztiak zirela medio, joan den ekainetik Animaliak edukitzeko eta babesteko Ordenantza berri bat lantzen dabil Udala. Oraingo hau, laugarren bilera izango da eta bertan egungo ordenantza proposamenaren eta hau guztiontzako justua izan dadin egin beharreko alegazioak egiteko moduaren inguruko azalpenak egingo dira.
Animalien ordenantzaren inguruan gauzatzen ari garen parte-hartze prozesua badoa aurrera, eta horren isla dugu elkarrekin egin ditugun hainbat bilera.
Hasteko, Udalak gogorarazi nahi lizueke guzti honen jatorria auzoz auzoko ekimenaren baitan dagoela, bertan ikusi baitzen herrian orokorrean arazo bat zegoela parke eta kaleen garbiketari zegokiona eta zehazki txakur kakek sortzen zutena. Gainera, auzotarrek lehentasuna eman ziotenez, irtenbide bat bilatzeari ekin zitzaion.
Hori dela eta, animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza berria lantzen hasi zen, orain arte zegoena zaharkitua baitzegoen eta beharrezkoa ikusten baitzen gaur egungo legedira egokitzea. Hortaz, Ordenantza berriari atal berri bat gehitu zitzaion, txakurrak aske ibiltzeko zonaldeena, jakitun garelako herriko txakur kopurua handia dela eta beren espazioa behar dutela korrika, saltoka eta jolasean ibiltzeko. Puntu hau herritarrekin landu zen lehenengo bilera batean, eta ekarpenak egin ziren.
Bulego teknikoak, ondoren, aztertu egin zituen eta guztion iritzia kontuan izanda, ordutegiak zabalagoak zituen beste planteamendu bat aurkeztu zen orain dela 2 aste. Ikusirik oraindik ere badirela zalantzak, eta argitu gabe geratu zirela hainbat galdera, beste bilera baterako gonbita luzatu nahi dizue Lasarte-Oriako Udalak.
Bilera azaroak 13an, asteazkena, arratsaldeko 18etan Manuel Lekuona Kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo da.
- Zonalde eta ordutegien azalpen laburra.
- Galderak.
- Alegazioak aurkezteko bidea eta epe muga.
- Galderak.
94an onarturiko animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza
Gaur egungo, animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza proposamena