Albisteak
Angel Belzak “Memorias de un niño en Rusia” liburua aurkezten du Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz
2013-10-08 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala
EbboksBierzo online editorialak Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin “Memorias de un niño en Rusia, 1937-1957” gure herrian jaiotako Angel Belza Venturaren historia kontatzen duen liburu autobiografikoa aurkezten du. Balio handiko testigantza liburua Lasarte-Oriaren, Euskal Herriaren eta Gerra zibilaren historiarentzat, eta gaur egungo generazioentzako aitona-amonen oroimen historikoaren berreskurapenerako.
Lan luze honek - oroitzapenak, kronologia zehatz bat, argazkiak, egoeraren 6 mapa, loturak, bibliografia eta eranskinak jasotzen dituen 600 orriko liburua da – lasarteoriatar honen historia harrigarria kontatzen du. Bera, atzo etorri zen berriro ere gure artera eta gaur goizean garai batean ikasten egon zen “Eskola nazionaletan” (Udaletxe zaharrean) bere liburua aurkeztu du “Isla ezkutatuak”-eko kideekin, Udal ordezkariekin eta liburua argitaratu duen editorialeko lagunekin.
Angel Belzak 87 urte ditu eta indar eta argitasun osoa mantentzen ditu gaur egun. 1937 urtean Errusiara eta Europako beste herrialdeetara gerratik ihesi bidalitako “gerrako haurra “ da, Espainiar Errepublikatik bidaliak izan ziren 5 eta 15 urte bitarteko 34000 haurretako bat.
Angel Belza Eusko Jaurlaritzak Europan zehar familietan eta kolonietan dispertsatutako 20.000 haurretako bat da. 1937ko ekainaren 13an Santurtzin Habana itsasontzian ontziratutako 1495 haurretariko bat.
1495 haur hauek 72 irakaslerekin , laguntzaileekin eta 2 medikurekin batera itsasoratu ziren Leningrado aldera. Gerra batetik libratu ziren beste krudelago batean sartzeko, beraien haurtzarotik eta lurretik erbesteratuak izan ziren eta beraien herri eta familiengatik urrunduak. Benetan biziraun zuten haur batzuen historia da, Gizateriaren historiaren pasarte latz eta beldurgarria eta gaur egungo nahiz etorkizuneko generazioentzako hausnarketa etengabe bat.
Santurtzin Habana itsasontzian itsasoratu eta 70 urte beranduago, Angel Belzak bere bizipen eta oroitzapenak idatzi ditu. Bere oroitzapen eta bizipen hauek 34.000 haurrek elkarbanatu zituzten berberak dira. Haur hauetariko asko ez ziren beraien herrietara bueltatu, beraien bizitzak Mosku, Frantzia edo Mexikon jarraitu zituzten. Anjel Belzaren liburua, biziraun duen baten bizitza, dauden milaka ”gerrako haurren” beste testigantza aberasgarri bat da, guztiz beharrezkoak direnak oroimen historikoaren berreskurapen eta zabalpenerako.