Albisteak

Aldundiak Gipuzkoa osora zabaldu ditu aurrekontu parte hartzaileak

2015-04-10 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala

Buruntzaldean proposamenak biltzeko herriko tailerrak apirilean bigarren hamabostaldian gauzatuko dira

Gipuzkoa guztiko herritarrek erabaki ahal izango dute aldundiaren aurrekontuaren zati bat zertarako erabili. Egitasmoa Urola Erdian jarri zuten martxan, 2013an; iaz, Gipuzkoako lau eskualdetara hedatu zuten, eta orain lurralde osora iritsiko da, Donostia ezik. Hamar eskualde zehaztu dira, eta bakoitzean bi milioi euro jarriko ditu diputazioak herritarren eskura, hurrengo lau urteetan inbertsioak egiteko.

 

Parte-hartze prozesuak martxotik urria arte irautea aurreikusita dago. Lehenengo fasea, proposamen egiteko fasea alegia, martxan da. Apirilaren 30era arte, herritarrek euren proposamenak egin ditzakete, hiru bidetatik: Internet bidez (www.aurrekontuahobetzen.eus helbidean); Gipuzkoa Berria aldizkariarekin eta udaletan banatzen ari diren eskuorria udalerriko eraikin publikoetan ipinita dauden postontzietan utzita; edo herrietan egingo diren tailerretan parte hartzen. Horiekin batera, erakunde eta udalek ere aukera izango dute haien ekarpenak egiteko.

 

Lasarte-Orian, proposamen egin ahal izateko apirilaren 14an izango da tailerra. Villa Mirentxun arratsaldeko 19etan da hitzordua eta prozesu parte hartzailetan adituak diren teknikarien laguntzarekin garatuko da gehienezko bi orduko iraupena izango duen tailerra.

 

Ekarpenak egiterakoan, bi irizpide jarraitu behar dituzte parte hartzaileek: proposamenak eskualdearentzako onuragarria izan behar du, batetik; eta aldundiaren eskumenekoa izan behar du, bestetik.

 

Hurrengo fasean, jaso diren proposamenak bildu eta herritarrek aukeraketa bat egingo dute. Ekaineko bigarren astean izango da hori. Jarraian, proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko dute aldundiko teknikariek. Herritarrek irailaren bigarren hamabostaldian aukeratuko dituzte behin betiko proposamenak, eta urrian aldundiaren 2016.ko aurrekontu proiektuan txertatuko dituzte.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna