Albisteak
Aisiako begirale eta unibertsitateetako uda-ikastaroetarako diru-laguntzak
2014-07-17 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza
Udaleko Euskara Batzordeak 2014 urterako egin duen diru-laguntzen deialdiaren barruan, aisiako begirale eta zuzendari izateko eta unibertsitateetako euskarazko ikastaroetarako diru-laguntzak onetsi ditu eta 1.350,00 € eta 400,00 €rekin hornitu ditu, hurrenez hurren.
Aisiako begirale eta zuzendariak
Aurreko irailaren 1a eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale ikastaroa hasi eta bukatu duten herritarrek, matrikularen % 50 arteko (250 euro gehienezko kopurura arte) beka jasotzeko aukera dute, baldin eta ikastaroa euskaraz eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izan bada eta alderdi teorikoa gainditu baldin badute.
Zuzendari ikastaroa egin dutenen artean, berriz, baldintzak berdinak dira eta bekaren gehienezko kopurua 150 €koa izango da.
Batzuen zein besteen kasuan, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.
Unibertsitateetako udako ikastaroak
Unibertsitateko ikasleek, langabetuek edo erretiratuak direnek, berriz, aurtengo udan unibertsitate bateko uda-ikastaroa euskaraz eginez gero, matrikularen %50 arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute. Bekak soilik matrikulako gastuak estaliko ditu, egoitza, garraio eta antzerako gastuak ez ditu estaliko.
Kasu honetan ere, dagokion ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko du interesatuak eskaera. Beranduenez urriaren 31n.
Eskaera-orriak Udalaren web-orrian zintzilikatuta daude edo euskara zerbitzura hurbilduta jaso ahal izango dira. Informazio gehiago nahi izanez gero 943376184 telefonora dei liteke.