Albisteak
Adjudikatu da Jaizkibel plazako etxabeak eraisteko eta berrurbanizatzeko proiektua
2018-02-22 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Alkateak jakinarazi duenez, Injelan enpresa kontratatu berri da Jaizkibel plazako etxabeak eraisteko eta berrurbanizatzeko proiektua idatz dezan. Kontratuaren kostua 21.478 eurokoa da.
Jesus Zaballosek adierazi duenez, lizitazio honekin hasten da Sasoetako etxabeen berrurbanizazioaren azken fasea. Gaur egungo gobernu-ekipoaren erabakia izan da batera lizitatzea eraisteko proiektua bezala berrurbanizatzekoa ere, hartara nabarmen murriztuko baitira lanak burutzeko epeak. Izan ere, proiektua idatzi ondoren, batera lizitatu ahalko dira eraisteko lanak eta berrurbanizatzekoak.
Proiektua idazteko, Injelan enpresak Uzturre eta San Martzial plazetako obretatik lortutako esperientzia erabiliko du oinarritzat, bai eta Sasoeta Sasoitu parte-hartzezko prozesuko determinazioak ere. Plaza horretan dagoen lurpeko aparkalekuaren larrialdiko irteerari ere konponbidea eman beharko dio. Azkenik, eta alderdi horretako bizilagunen eskariz, estalkipeko portxe bat mantendu egingo da, oinezkoen pasabide moduan.
Eraitsi beharreko estrukturan amiantorik badagoen ala ez determinatzeko beharrezko azterketak egin beharko ditu proiektuak aldez aurretik, eta, baiezko kasuan, amiantoa ezabatzeko lanak aurreikusi beharko ditu. Izan ere, horrek makina bat arazo sorrarazi zituen Uzturre eta San Martzial plazetan, ez baitzen aurreikusi amiantoa kentzeko proiektua, Agustín Valdivia obretako, hirigintzako eta ingurumeneko zinegotziak adierazi zuen moduan. Horrez gain, jakinarazi zuen, behin proiektua amaitutakoan, bizilagunei aurkeztuko zaiela.
Dagokion unean baloratuko den elementu bat, obren gauzatzea lizitatzeari begira, lanen koordinazioa eta plazaren erabilerak bateragarri egitea izango da, auzoan hain jarduera handia duen plaza horretan ahalik eta molestia gutxien eragiteko helburuarekin.
Zaballosek adierazi zuenez, prozesu honetan aurreko gobernu-ekipoak egin zituen akats beretan ez erortzen saiatu dira, hark bi proiektu ezberdin bezala planteatu baitzituen eraistekoa eta berrurbanizatzekoa, eta eraisketak hasi baino lehenago ez baitzuen aurreikusi zer egingo litzatekeen irabaziko ziren espazio publikoetan. Kudeatzeko modu horrek urtebete inguruko atzerapena eragin du obretan. Amiantoa egon zitekeela ez aurreikusteak ere zenbait hilabetetako atzerapena eragin zuen.