Albisteak
Adjudikatu da Basaundi Bailara berrurbanizatzeko proiektuaren idazketa
2017-09-08 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Sestra Ingeniería y Arquitectura S.L. enpresak egingo du Basaundi Bailara berrurbanizatzeko proiektua. Enkarguaren kostua 23.999,75 eurokoa da, eta 4 hilabeteko epea du proiektua aurkezteko.
Baldintza-agiriak dioenez, auzo horretan oinezkoen zonak, ibilgailuenak eta jardinduak berrurbanizatzeko eta errehabilitatzeko obrak jaso behar ditu proiektuak. Horrez gain, gaur egun dauden irisgarritasun-arazoak konpondu beharko ditu, oraingo legeetara egokituz, eta azpiegiturak eta zerbitzuak berritu egin beharko ditu, gaur egungo aireko kableak lurperatuz.
Adjudikazioaren berritasun garrantzizko bat da inguru horretako auzotarren parte-hartzeko prozesu bat egingo dela, auzoa hobetzeko irizpideak eta proposamenak definitze aldera.
Proiektua entregatzeko epea 4 hilabetekoa da. Epe horrek lau mugarri ditu: enpresak hilabeteko epea du aurreproiektua entregatzeko. Jarraian, herritarren kontsultako eta parte-hartzeko prozesua egin beharko du auzotarrekin. Prozesu horren ondoren, 15 egun izango ditu irizpideen dokumentua lantzeko, herritarren ekarpenak ere sartuta. Bi hilabete geroago, gauzatzeko proiektua aurkeztu beharko dio udalari.