Albisteak

%85eko bekarekin, “Emaiozu buelta bat zure munduari euskararekin”

2014-09-04 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Euskara ikasteko edota hobetzeko aukera oso ona eta ia-ia dohainik eskaintzen dute herriko bi euskaltegietan

            Herriko bi euskaltegietako zuzendariek, Pablo Barrio alkateak eta Boris Nogales Euskara Batzordeko lehendakariak lagundurik, herritarrak gonbidatu dituzte euren euskara-gaitasuna hobetzeko aukera paregabeaz baliatzera

Ia-ia dohainik

            Boris Nogalesek azaldu du aurtengo urtean Udalak onetsitako aldaketari esker, euskara ikasten aritzen diren herritarrek matrikula-prezioaren %85 arteko beka jaso dezaketela Udaletik. Orain arte euskara ikasten aritutakoek matrikularen %40 eta %75 arteko bekak jasotzeko aukera baldin bazuten, hemendik aurrera Udaleko Euskara Batzordeak %85a arteko bekak eskainiko ditu. Zehaztasun eta baldintza guztiak etxebizitza guztietara banatu den diptikoan daudela gogorarazi du.

            Eskaintza berri horri erantzuteko, iazko 25.000€ko aurrekontua 45.000€ra arte handitu du aurten Udalak. Irizpide berri horiekin 2013-14 ikasturtean 131 beka emanak ditu.

 

Udal euskaltegian ordainketa 10 zatitan

            Udal euskaltegiko zuzendaria den Lorediñe Usarraldek gogorarazi zuen matrikulatzeko epea irailaren 17an amaituko dela eta, epe horren barruan matrikulatzen diren ikasleek, aurten lehendabiziko aldiz, matrikula hamar zatitan ordaintzeko aukera izango dela. Eta horretaz gain, Gazte txartela dutenek %10eko hobaria izango dute eta beste udal zerbitzuetan bezala, hobaria (%25, %50 edo %75ekoa) edo salbuespena izateko eskubidea dutenek, euskaltegiaren matrikulan ere izango dute.

Era berean, urtero moduan, eskolak goizean, arratsaldean eta iluntzean izango dira eta maila guztiak eskainiko dituzte. Aurrez aurreko eskoletara etorri ezin dutenentzat, berriz, on-line bidezko autoikaskuntzako eskaintza ere badutela gogorarazi dute.

 

Muntteri-AEK euskaltegia

            Olatz Urdanpilletak, Muntteri-AEK euskaltegiko zuzendariak adierazi du herrian matrikulatzeak abantaila handiak dituela, besteak beste, jendea ezagutzen, herriko harreman-sareetan txertatzen eta herrian egiten diren gauzetan parte hartzen laguntzen duelako.

            Euskaltegiko eskaintzari dagokionez, ordutegi guztietan eta maila guztiak eskaintzen dituztela gogorarazi du eta aurrez aurreko klaseetara joan ezin dutenentzat autoikaskuntzaren eskaintza ere badutela adierazi du.

            Udal euskaltegian bezala, irakasle prestatuak dituztela euskaltegian eta zerbitzuaren kalitatea bermatuta dagoela esanaz, herritarrak matrikulatzera gonbidatu ditu. Epea irailaren 26an amaituko da.

 

Emaiozu buelta bat zure munduari

            Amaitzeko, Pablo Barrio alkateak gogorarazi du herrian dauzkagun bi euskaltegien eskaintza eder hori eta Udalak berritu duen beka-sistema indartsua tresna paregabeak direla bidaia bat egiteko.

            Bakoitzaren abiapuntua eta helmugak desberdinak direla eta hala izan behar dutela esan zuen alkateak. Batzuetan titulu bat behar dugu eta horretan ahalegintzen gara. Beste batzuetan ingurukoak ulertu nahi ditugu eta helburu hori lortzeko euskara ikasteak errespetuzko jokabidea ere adierazten du.

            Lehenengo pertsonan hitz eginez adierazi zuen berak bidaia hori egin zuela bere garaian eta euskaltegiekin lehendabizi eta inguruan zituen lagun, lankide eta abarrak bidaia-lagun hartuta ondoren, aukera izan duela euskararen komunitatean murgiltzeko. Ahalegina handia omen da eta emaitza handiagoa.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna