Albisteak

300 Ahobizi eta 3.000 Belarriprest… Nik, izena emango det!

2016-06-16 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza

Euskaraz ulertu behintzat egiten duzuen herritar guztiok gonbidatuta zaudete urriaren 23an hasi eta abenduaren 3ean amaituko den Baietz 40 egun euskaraz! erronkan parte hartzera.  Asteartean egindako prentsaurrekoan adierazi zuten modura, Udaleko eta Ttakuneko ordezkariek, Euskararen Maratoiko zortzikoteak eta herriko euskaltegi eta ikastetxe guztietako ordezkariek herritar guztioi jotzen diguten herri-erronka bat da Baietz 40 egun euskaraz! apustua.

 

Armairutik irteteko erronka honek iraungo duen 40 egunak 6 astetan banatu dira. Belarriprestek, erronkak dirauen 6 astetan jokatuko dute Belarriprest gisa. Ahobiziek, berriz, astebeterako ematen dute hitza.

 

Zer da hizkuntzaren armairutik irtetea?

Gure gaztelaniazko hizkuntza ohituretatik ateratzea eta hizkuntza portaera euskarara ekartzea da armairutik irtetea. Erronkan parte-hartzeko bi aukera daude:

 

300 Ahobizi

Euskarazko jokaera aktiboa hartuz, armairutik aterako diren herritarrak dira. 300 behintzat. Astebetez, euskaraz egingo diote ulertzen duenari, bai ezagunei, baita ezezagunei ere.

 

Bakoitzaren erronka-astea hasi aurretik, izena eman duten Ahobizi guztiak bildu egingo ditu antolakuntzak. Identifikazio txapa emango zaie, eta erronkari ahalik eta erosoen heltzeko, aholku batzuk ere prest izango dira.

 

3.000 Belarriprest

Ahobizien euskarazko aktibotasuna ondo hartzen dutela adierazten duten herritarrak dira, hau da, dakienari euskaraz aritzeko gonbitea egingo diotenak. 3.000 behintzat.

 

Euskararen Maratoiaren asteburuan txapa bat emango zaio bakoitzari, Belarriprest dela adierazten duena. Txapa hori soinean eraman beharko du sei astez, erronkak irauten duen bitartean, hain zuzen.

 

Erronkan parte hartzeko baldintzak

Erronkan parte hartu ahal izateko hiru baldintza bete behar dira. Lehendabizikoa, Lasarte-Orian jaio, bizi edo lan egitea. Bigarrena, 16 urtetik gorakoa izatea (2000. urtean edo lehenago jaioa izatea) eta hirugarrena, izena ematea.

 

Izena emateko moduak

Izena emateko bi era daude. Paperean edo digitalean. Diptikoak eskura daude udal eraikinetan, Ttakunen, ikastetxe eta euskaltegi guztietan; herriko hainbat komertziotan ere izango dituzue datozen egunetan. Betetako diptikoak Udaleko euskara-zerbitzuan edota Ttakunen entregatu behar dira.

 

Izena digitalki ere eman ahal da. Horretarako, http://40egun.euskararenmaratoia.eus/ helbidean sartu eta Ahobiziren edo Belarripresten formularioa bete besterik ez da egin behar. Argibide gehiago ere (FAQ) webean bertan topa daiteke.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna