Albisteak
%20 baietz Buruntzaldean!
2015-04-16 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Euskara eta Hezkuntza
Errenta aitorpena egiteak etekina ekartzen dio gure gizarteari, diru horrekin hainbat zerbitzu bermatzen ditugulako, baina, gainera euskaraz egiten badugu, beste etekina ere gehitzen diogu: gure hizkuntza eta hizkuntza hori erabiltzen dugunonak indartzen ditugu.
Urtez urte gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten dutenak, iazko kanpainan, adibidez, %13,6 izan ziren, eta aurten langa hori gorago jarri nahi dute. Jendea animatzeko Buruntzaldeko facebook-en ere lehiaketa bat jarri dute abian, eta parte hartzen dutenen artean bi lagunentzako sagardotegi menua zozketatuko dute maiatzaren 15ean.
Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuek urteak daramatzate data hauen inguruan hiritarrak animatzen errenta aitorpena euskaraz egin dezaten, baina aurten gonbiteari erronka erantsi diete: baietz eskualdean aurten egingo diren errenta aitorpenen %20 euskaraz izan!
NOLA EGIN AITORPENA EUSKARAZ?
Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude eta guztietan erabil daiteke euskara:
1. Mekanizatua
Apirilaren 16tik ekainaren 5era har dezakezu hitzordua, hartzeko garaian adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula. Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz eta telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu. Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.
2. Autolikidazio proposamena
Apirilaren 13tik ekainaren 25era da onartzeko epea. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
3. Internet bidezkoa
Aitorpenak aurkezteko epea apirilaren 17tik ekainaren 25era da. Internet bidez eginez gero, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu. Aholkularitza baten bidez egiten baduzu, propio adierazi beharko diozu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
Informazio gehiago behar izanez gero buruntzaldea.eus webgunean eta eskualdeko euskara zerbitzuetan eskuragarri.